Boli Kostan giza eskubideen «urratze larriak» salatu ditu NBEk

Laurent Gbagbok presidentearen jauregiko bunkerrean eutsi die erasoei, 200 soldaduk babestuta

Erredakzioa
2011ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
«Oraindik ez dakigu egin diren ankerkerien tamaina zenbaterainokoa den, baina argi dago giza eskubideen urraketa larriak gertatu direla». Salaketa hori egin du NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Laguntzarako Gaietarako idazkariorde nagusi Valerie Amosek. Boli Kostan eta Liberian egon da Amos, gerraren ondorioak ikusten. «Gune batean 200 gorpu ikusi genituen, eta bertze leku batzuetan ere gehiago atzeman genituen, baina ez dakigu zenbat. Zifrak falta zaizkigu». Liberian, berriz, errefuxiatuekin egon da Amos. 120.000 direla dio. Bertzeak bertze, emakumeen eta haurren bahiketen berri eman diote. Idazkariordeak erran du elkarrizketatuetako batzuk Laurent Gbagbo orain arteko presidenteari leporatu dizkiotela krimenak, eta bertze batzuk Alassane Ouattara bozen irabazleari.

Duela egun batzuetatik Ouattararen garaipena berehalakotzat jo dute bai haren jarraitzaileek, bai nazioarteak, baina Gbagbo Presidentearen Jauregiko bunkerrean dago oraindik, eta inguratuta egon arren, ez du amore eman. Frantziako Defentsa ministro Gerard Longueten arabera, soilik mila soldadu inguruk jarraitzen dute Gbagboren alde borrokan, eta horietako 200ek defendatzen dute Presidentearen Jauregia. Longuetek jakinarazi du NBEren kasko urdinek inguratuta dutela eremua, baina nazioarteko misioaren arduradunek zehaztu dute ez dutela Gbagboren aurka esku hartuko. Ouattararen indarrek, baina, artilleriarekin bonbardatu dute jauregia.

Ban Ki-moonen eskaera

NBEko idazkari nagusi Ban Ki-moonek, berriz, Gbagbori eskatu dio «azken aukera» baliatu eta boterea uzteko, Boli Kostako herriaren «ongizatearengatik». Frantziako Atzerri ministro Alain Jupperen ustez, Gbagbok amore ematea «nahitaez» gertatuko da «hurrengo ordu edo egunetan». Gbagboren aurka nazioarteak Abidjanen indarra erabiltzeko erabakiaren azken erruduna Gbagbo bera dela erran du Juppek.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.