Markarik ez, haizearen erruz

Tsgereda Girmak eta Mark Kiptook irabazi dute Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia, baina errekorrik hobetu gabe

Girma, atzoko lasterketa esprintean irabazten; atzean, Jepokoech. G. G. / ARP.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2013ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Tsgereda Girma etiopiarrak eta Mark Kiptoo kenyarrak irabazi zuten atzo Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren XX. aldia. Emakumezkoen lasterketa oso estua izan zen, eta Girmak helmuga marraren gainean hartu zion aurrea Josephine Jepokoech kenyarrari. Antolatzaileek denbora bera eman zieten biei (1.11.04). Gizonezkoetan, berriz, Kiptoo nagusitasunez gailendu zen bigarren urtez jarraian (1.00.42), eta azken kilometroetan probako marka hobetzeko (1.00.23) gai izango zen sortu zuen ikusmina, baina haizeak eragotzi zuen.

Antolatzaileek gizonezko atleta multzo bikaina elkartu zuten errekorra hobetzeko asmoz. Asko ziren maratoi erdian marka hobeak eginikoak, baina hego haize zakarrean aurkitu zuten aurkaria. Kiptook erritmo onean jardun zuen, baina azken kilometrora 57.33ko markarekin iritsi ondoren itxaropen guztiak zapuztu ziren. Podiumean bi erkide izan zituen: Anthony Maritim (1.01.24) eta Mark Korir (1.02.48).

Emakumezkoak errekorretik (1.08.39) are urrunago bidali ziren, besteak beste Germa eta Edith Chelimo hirugarren sailkatua (1.11.28) bidez nahastu eta ibilbidearen zati bat bueltan atzera egin behar izan zutelako. Markak ez ziren onak izan, baina emozioa izan zuen gutxienez. Ohikoa denez, ibilbide guztia jendez lepo egon zen, eta sari banaketan omenaldia egin zioten Asier Cuevasi. Eibartarra 100 kilometroko probak prestatzen ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.