Gasteiz eta Eibar, hasteko

Binakako finalerdietako lehen partidak larunbat eta astelehenean jokatuko dira; sarrerek prezio ezberdina izango dute

Mikel Beroiz pilota jotzen; alboan, Jon Ander Albisu. M. DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2013ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Binakako Txapelketako finalerdietako ligaxka Gasteizen eta Eibarren hasiko da. Irujo-Zabaleta eta Olaizola II.a-Zabalaren arteko partida larunbatean jokatuko da, Ogetan; eta Bengoetxea VI.a-Beroiz eta Berasaluze II.a-Albisuren artekoa astelehenean, Astelenan. Finalerdietako kantxako sarrerek prezio ezberdina izango dute: Gasteizkoek 45 euro balioko dute eta Eibarkoek, 40.

Enpresen Ligak eta Arabako Pilota Federazioak akordioa lortu zuten iaz diru kopuru jakin baten trukean jaialdi onak erakartzeko. Akordioak berean dirauela dirudi, Ogetan jokatuko baita ikusmin handiena sortu duen finalerdietako partida. Bitxia da Bilbon jokatu ez izana, kontratuz finalerdietako partida bat han jokatu behar delako. Bilbon jokatuz gero, baina, sarreren dirua Bizkaiko Aldundiarekin banatu behar da, eta agian horrek ere izango zuen eragina erabakian. Sarrerei dagokienez, kantxek 45 euro balioko dute, eta beste harmailetakoek hogei. Iazko txapelketan prezio berberak jarri zituzten lehen partidarako. Pilota aukeraketa gaur bertan egingo dute (11:30).

Bigarren finalerdia Aspek antolatuko du, Eibarren. Erabaki arriskutsua da, azken jaialdietan jende gutxi batu delako Astelenan, baina txapelketako amua erakargarria da, eta astelehena, jaieguna. Kantxek berrogei euro balioko dute, eta lehen solairuko sarrerek, hogei. Pilota aukeraketa bihar egingo dute (11:30).

Finalerdietako jaialdiekin batera, Aspek bost eta erdiko torneo laburra antolatu du Zarautzen Aste Santurako. Ostiralean (17:00), Idoate-Laskurainek eta Ezkurdia-Zubietak jokatuko dute, eta irabazleak Xala-Pascualen aurka ariko dira igandean (17:00). Egun horretan Gonzalezek eta Jaunarenak buruz buruko partida jokatuko dute.

Titinekin bilera, aurrerago

Titin III.a eta Aspe biltzekoak dira pilotariak iragan larunbatean eginiko adierazpenetan esanikoei buruz hitz egiteko. Enpresak herenegun gaztelaniaz plazaraturiko oharrean pilotariaren hitzak gaitzetsi eta eginiko kritikak ukatu zituen. Titinek, besteak beste, pilotariak ez defendatzea egotzi zion enpresari. Bilera, baina, oraingoz ez da egingo; hurrengo astean egingo dute ziur asko. Aspekoek uste dute hobe dela pixka bat itxarotea giroa hoztu eta lasaitu arte. Dena den, ez dirudi inolako isunik egongo denik, asteburu honetara antolaturiko jaialdietan Titinek jokatuko ez duen arren. Ezaguna da Fernando Bidarte Aspeko buruaren eta Titinen arteko harreman ona, eta harritzekoa litzateke akordioren bat ez lortzea.

Bi aldeen arteko bilera beharrezkoa da, baina ez bakarrik adierazpenengatik. Hitz gogorrek sortu dute ikusmina, baina Titin behin baino gehiagotan egon da iskanbilatan murgilduta aurtengo binakako txapelketan. Etxebarrin jokaturiko partidan, berak eta Merinok tentsio handiko uneak izan zituzten Ezkurdia eta Zubietarekin, baita Arretxe eta Beginoren aurka LogroƱon jokaturikoan ere. Epaileak, pilotak, kazetariak... dena kritikatu du Titinek eta logikoa dirudi enpresak gai horiek ere mahai gainean jartzea bileran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.