Jerry Lewisen 'The Day the Clown Cried'-en zati batzuk 'on line' daude

Holokaustoari buruzko filma da, egilearen borondatez estreinatu gabe geratutakoa, eskasa iritzi ziolako

Agentziak
New York
2013ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Jerry Lewis aktore eta zuzendariaren The Day the Clown Cried (Pailazoak negar egin zuen eguna) filmaren zati batzuk on line daude, Youtube atarian ikusgai. Holokaustoari buruzkoa da eta estreinatu gabe utzi zuen. Filmeko eszena batzuekin batera, filma nola egin zen erakusten duten irudiak ere ikus daitezkeInterneteko bideoetan. Ia 400.000 bisita zituen jasoak atzo arratsalderako bideoetako batek, sarean jarria zegoen hirugarren eguna baino ez izan arren.

Filma amaitu eta gero, 1972an, proba gisa emanaldi pribatu batzuk egin zituen zuzendariak, eta emaitza erabat etsigarria izan zen. Horregatik, filma ez estreinatzea erabaki zuen, eta ez zen egundo iritsi areto komertzialetara. «Film zeharo eskasa zen», adierazi zuen behin Jerry Lewisek, The Day the Clown Cried-i buruz ari zela, «eta eskasa zen egin nuenean nik magia galdua nuelako. Ez duzue inoiz ikusiko. Inork ez du inoiz ikusiko, lan zeharo eskas bat egiteagatik lotsatuta nagoelako».

Ilusio handiz filmatua

Lewisek ilusio handiz ekin zien The Day the Clown Cried-en filmaketa lanei. 15 kilo galdu zituen filmeko aktore nagusiaren rola jokatzeko, Helmut Doork pailazoarena. Filmean, naziek Doork atxilotu eta kontzentrazio esparru batera eramaten dute, Adolf Hitlerren parodia bat egiteagatik zigortuta. Han, umeak gas kameretara eramaten egingo du lan.Filma osorik ikusi zuen ikusle bakanetako bat Harry Shearer aktorea da. Haren ustez, Lewisen The Day the Clown Cried «bere munstrotasunean perfektua» da.

Aktore nagusiaren rolerako, Laurence Olivier, Dick Van Dyke eta Bobby Darinen artean hautatzeko asmoa izan zuen Jerry Lewisek, baina azkenean rol hura berak jokatzea erabaki zuen. Interneten ikus daitekeen bideoetako batean bere lan metodoaren berri ematen du Lewisek, pailazoz jantzita, eta Charles Chaplinengandik jasotako aholku batzuk ere aipatzen ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.