Bilbon estreinatuko dute gaur 'Barrura begiratzeko leihoak'

Bost euskal presori buruzko dokumentala Ondarroan, Tolosan eta Ataunen ere aurkeztuko dute gaur

Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2012ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Emanaldiak debekatzeko mehatxu eta boikot ugariren ondoren, gaur helduko da pantailetara Barrura begiratzeko leihoak filma, bost euskal presoren inguruan Mireia Gabilondok, Josu Martinezek, Enara Goikoetxeak, Eneko Olasagastik eta Txaber Larreategik ondutako pelikula. EHUren Bilboko paraninfoan egingo dute aurkezpen ofiziala, 19:00etan. Baina beste hiru tokitan ere erakutsiko dute gaur: Ondarroako Bide Onera zineman, Tolosako Leidorren eta Ataungo Herri Antzokian.

Banaketarekin arazoak izan dituzten arren, ahal denik eta toki gehienetan erakutsi nahi dute filma. Eta asmo horrekin abiatuko dute gaur pelikula Euskal Herrian barrena eramango duen bira. Hala, bihar Lazkaon, Zestoan eta Agurainen emango dute. Eta hilaren 31n, Soraluzen.

Azaroan emanaldi ugari egingo dituzte. Besteak beste, Ordizian, Arrasaten, Baionan, Maulen, Galdakaon, Zumaian, Berriatuan, Lekeition, Leitzan, Beasainen, Elorrion, Etxarri Aranatzen eta Markinan aurkeztuko dute. Abenduan ere badira saio batzuk. Oraingoz, Sopelan, Larrabetzun, Durangon, Gernikan eta Alegian emango dute. www.zinez.net atarian jaso dituzte emanaldi guztien datak. Haiekin harremanetan jartzeko, eta beste herri batzuetan emanaldiak antolatzeko aukera ere badago ekoiztetxearen webgunean.

Irati Tobar, Gotzone Lopez de Luzuriaga, Jesus Mari Zalakain, Jon Ugarte eta Mikel Albisu Mikel Antza-ren inguruan ondu dituzte beren lanak, hurrenez hurren, Josu Martinezek, Mireia Gabilondok, Enara Goikoetxeak, Txaber Larreategik eta Eneko Olasagastik. Bakoitzak istorio bat kontatu du, «oso modu desberdinean», egileek eurek azaldu dutenez.

Irati Tobar kartzelan sartzeko unea eta ordura arteko bidea jasotzen du Martinezen lanak. Larreategik, berriz, kontrako prozesua azaldu du, Jon Ugarterekin. 17 urtez preso egon ondoren, kaleko bizimodura nola egokitzen den jaso du. Gotzone Lopez de Luzuriagaren ahotsarekin lan egin du Gabilondok. Eta Jesus Mari Zalakainen zatia «intelektualena» dela azaldu dute egileek. Olasagastik aspaldiko lagun baten berreskuratzeaz jardun du, Mikel Antzaren figura ardatz harturik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.