Pastorrek dio txupineraren izendapena «asmo txarrez» egin zela

«Ezker abertzaleak ez du minik ematen ez duen norbait xaloki izendatu; ez da izan okin bat edo autobus gidari bat»

Erredakzioa
2013ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Jose Antonio Pastor PSEko legebiltzarkideak aitortu du Jone Artola txupineraren inguruan gertatu den guztia «onetik atera» dela, baina nabarmendu du haren izendapena ez zela «minik emateko asmorik gabe eta xaloki» egindakoa izan; ezker abertzaleak «asmo txarrez» izendatu zuela. «Horrelakoetan ez dute sekula huts egiten, ez zaie bururatzen okina edo autobus gidaria den konpartsakide bat aukeratzea. Txupinerak beti ditu izen-abizenak eta esanahi zehatz bat mundu horrentzat», jakinarazi du Pastorrek Europa Press agentziari emandako elkarrizketa batean.

Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Carlos Urkijok «gehiegizko arduraz» jokatu du kasu honetan Pastorren iritziz, eta «ezezagun samarra» zen emakume bat «figura mediatiko» bihurtu du. Urkijok, horregatik, ez duela bere helbururik bete esan du Pastorrek, txupinerari berari eta hura kargu horretarako proposatu zutenei eman dielako «oihartzun» guztia.

Legea «oso zorrotz» ezarri da

Luis Garrido EAEko Auzitegi Nagusiko Auzi Epaitegiko presidenteak esandakoak ere gogora ekarri ditu Pastorrek, eta bat egin du haren hausnarketarekin: «Ziurrenik, kasu honetan, oso modu zorrotzean ezarri da Biktimen Legea». PSEko bozeramailearen iritziz, hori horrela izan da. «Txupineraren figura eta haren konnotazio politikoa bati ongi edo gaizki iruditu dakioke, baina ETAkoa den anaia bat edukitzea ezin zaio familia bati erantzukizun politiko gisa egotzi».

Txupineraren gaiari buruz asko eta asko «neurriz kanpo» aritu direla nabarmendu du Pastorrek, eta «sen onez» aritu beharra nabarmendu du. Ezker abertzaleari, baina, gaia «ongi erabili» izana aurpegiratu dio. «Kobentzitu nahi izan gaituzte, pentsaraziz aukeratu duten ordezkaria Bilboko ordezkari benetakoa dela eta izendapen horren aurka egitea herriaren aurka egitea dela». Txapligua Itziar Urtasun zinegotziak botatzea ongi ikusi du Pastorrek, «nahiz eta horrekin ez den lortu txupinerak jaietan jarraitzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.