Erabakitzeko eskubideaz «ahazteko» aholkatu dio Pastorrek EAJri

Autogobernuari buruzko lantaldean parte hartuko du PSEk, baina independentzia «aspiraziorik» ez badu

Erredakzioa
Bilbo
2013ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Erabakitzeko eskubideaz ahazteko aholkatu dio EAJri Jose Antonio Pastor PSE-EEren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak. Autogobernuari eta eredu instituzionalari buruzko lantaldea iragarri zuen Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak maiatzean, udazkenerako. Urte politiko berria hastear eta udazkena gerturatzear dela, Pastorrek «zuhurtziaz» jokatzeko eskatu dio lehendakariari. PSE-EEkoaren ustez, Urkullu horrela jokatzera «behartuta» dago, ez badu hauteskundeetan beherakadarik izan nahi. Horren adibidetzat jarri ditu CiU eta ERC; Artur Masen alderdiak 12 diputatu galdu zituen 2012ko hauteskundeetan, eta Oriol Junquerasenak, berriz, 11 irabazi. Pastorren iritziz, bi alderdi katalanek iragarritako subiranotasun planaren ondorio zuzena izan ziren hauteskundeetako emaitzak. Hori hala, CiU ispilu gisa ez erabiltzeko eskatu dio PSE-EEkoak EAJri, «abentura katalan horrekin irabazle irten zen bakarra», haren esanetan, ERC izan zelako.

Pastorrek gogorarazi du Urkulluk ez zuela estatus politiko berri baten inguruko eztabaidarik iragarri bere inbestidura hitzaldian, «autogobernu lantalde bat» baizik. Hala ere, PSE-EEkoak adierazi du bere alderdiak parte hartuko duela lantalde horretan, eta gero egingo dituela egin beharreko interpretazioak, «autogobernu hitzarekin batak eta besteak ulertzen duena oso ezberdina baita». Estatutuaren ikerketa eta erreforma planteatzen bada, eta horren barruan autogobernua, PSE-EE «oso prest» dago parte hartzeko. «Orain, autogobernu lantalde hori erabakitzeko eskubidearen inguruan hitz egiteko aitzakia bada, Katalunian egin bezala, ez dezatela gurekin konta».

Autogobernuari buruzko lantaldeak azpian «independentzia aspirazio bat» izan dezakeen errezeloa du Pastorrek; baina, haren ustez, independentzia ez da Espainiak behar duena, ez eta euskal herritarrek eskatzen dutena ere. Hori, hala eta guztiz ere, EAJren esku baino ez dagoela nabarmendu du. «Beraien erantzukizuna da zer egin, eta zeinekin», azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.