Jauregiren oroitarriari egin erasoa errefusatu du Gipuzkoako Foru Gobernuak

Maixabel Lasa: «Ezin dira begiak itxi gertatzen ari diren hainbat gauzaren inguruan»

2011ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Juan Mari Jauregiren omenez jarritako monolitoari eraso ziotenezezagun batzuek lehengo astean. Burnikurutzeta mendian (Gipuzkoa) eraikita dagoen oroitarria beste behin hondatu dutela adierazi du Herrizaingo Sailak. Lau aldiz eraso diote ETAk hildako politikariaren omenezko monolitoari duela zortzi urte eraiki zutenetik. Jauregi politikari sozialista eta Gipuzkoako gobernadore zibil ohia izan zen.

Oraingo honetan, gainera, Maite zaitugunok oroitzapenez hilarriak zuen idatziaren zati bat ere lapurtu dute. Gipuzkoako Foru Gobernuak «indarkeriazko ekintzak errefusatzen» dituela-eta, «erasoa errefusatu» egin du.Gainera, indarkeriazko gertakariak gerta ez daitezen lan egingo dutela eta gobernura iritsi direnetik «halaxe ari direla» adierazi du Foru Gobernuak.

Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak erasoa «faxistatzat» jo eta «errepikatzea jasanezina» dela adierazi du, eta Maixabel Lasari, Jauregiren alargunari, bere babes osoa adierazi dio Eusko Jaurlaritzaren izenean.

Lasak esan duenez, «herri honetan, fanatismoa eta intolerantzia oraindik ez dira desagertu», eta «oroitarria hondatzen duten aldioro konponduko dute». Lasa Jaurlaritzako biktimen arretarako bulegoko zuzendaria da egun.

«Ez dugu nahi halakorik»

«Gipuzkoako Gobernua bakearen eta demokraziaren alde ari da, eta horretan jardungo du aurrerantzean ere, Bildu koalizioak sorreratik agertu duen moduan», jakinarazi du Foru Gobernuak. Eta harentzat «herritarren adiskidetzeak berebiziko garrantzia izango du gatazka politikoa eta indarkeria mota oro gainditzeko bidean».

Ares Herrizaingo sailburuak esandakoen ondoren etorri da Martin Garitano buru duen gobernuaren adierazpena. Izan ere, Aresek «alderdi politiko guztiei eta, bereziki, Bildukoei erasoa publikoki gaitzesteko» eskatu die. Horrez gain, honela adierazi du Foru Gobernuak: «Ez dugu nahi halakorik Gipuzkoan, ezta beste inon ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.