Asteburuko proposamenak

Zubi ondoko musika emanaldiak

UrdiñarbeKontzertu ugari izango dira igande arratsaldean, Musikaren Egunean, tartean Anje Duhalderena

Iazko Musikaren Eguneko kontzertu bat. GAIZKA IROZ.
Nagore Rodriguez.
2011ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Musika doinuek girotuko dute Urdiñarbe (Zuberoa) hurrengo egunetan. Musikaren Egunaren harira, egitarau zabala prestatu dute. Egun handia igandean izango da, baina ostiraletik hainbat ekitaldi izango dira.

Duela 22 urte antolatu zuten lehen aldiz Musikaren Eguna, eta urte hauetan helburu berarekin aritu dira lanean: euskal kulturaren eta munduko beste kulturen arteko topaketa sustatzea. 500 biztanleko herrian, 5.000 lagun jasotzen dituzte urtero batez beste.

Bihar hasiko dira lehen ekitaldiak: Xistera ostatuan, 21:00etan, Mari bi sos euskarazko antzerkia izango da ikusgai, eta, ondoren, Les Fils du Vent eta Kauter taldeen txanda izango da.

Animazio zentrora igaroko dira ekitaldiak larunbatean. Eztabaida batekin hasiko dute eguneko egitaraua: Legea eta askatasuna iparraldean? Besteak beste, Filipe Bidart preso ohiak parte hartuko du mahai inguruan, bideo konferentzia bitartez. Mixel Berhokoirigoin Euskal Herriko Laborantza Ganberako presidentea ere han izango da.

Mahai inguruaren ondoren, pintxo poteoa prestatu dute, Musikal'de eta Oilarrak taldeak animaturik. Hemeretzi mutil gaztek osatzen dute Oilarrak taldea, 1994an sortu zen eta Zuberoako kantak abesten dituzte.

21:00etan, Le P'tit Balu, Jerry Cunningham, Julot Torride eta Cel 3 taldeek kontzertua emango dute.

Igandean, egun handia

Iganderako hainbat ekitaldi prestatu dituzte, baina arratsaldeko kontzertuek bilduko dute jende gehien. 15:30ean hasiko dira musika emanaldiak.

Anje Duhalde euskal rockzale eta folkzale ezagunenetakoa izango da kontzertuan parte hartuko duten musikarietako bat. Rock Box taldea ere entzun ahal izango dute Urdiñarbera biltzen direnek. Le P'tit Balu taldeak berriro joko du igandeko ekitaldi handian. The Booze, Goulamask, Ezpelak eta Ibiliz taldeek osatuko dute igande arratsaldeko eskaintza.

Hala ere, goizean hasiko dira ekitaldiak, 10:30ean, botülüze eta sokatirarekin. Zarena Zarelako taldeak Goazen antzerkia emango du ondoren. Eta, 12:30ean, bertsolarien txanda iritsiko da. Bazkariaren ondotik hasiko dira kontzertuak.

MUSIKAREN EGUNA

Zer. Kontzertuak, antzerkia, hitzaldiak...

Non. Urdiñarben (Zuberoa).

Noiz. Bihartik igandera bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.