Asteburuko proposamenak

Lehen sagar zukuez gozatzeko

Hendaia. Sagar erakusketa, sagardo dastatzea eta bazkaria egingo dituzte igandeko Sagardo Festan

Nagore Rodriguez.
2011ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Irailetik azarora bitartean, sagarra biltzeko garaia da, eta horregatik hainbat herritan festak antolatzen dituzte garai horretan fruituaren bueltan. Igande honetan Hendaiaren (Lapurdi) txanda izango da, Sagarraren Festa egingo dute goizean hasi eta arratsaldera bitartean (09:30etik 17:00etara).

Ekitaldiak Gaztelu Zahar pilotalekuan izango dira, baina euria eginez gero Merkatu Zaharrera eramango dute festa.

Sagar mota ezberdinak ezagutu eta sagardoaren mundura biltzeko aukera eskainiko diete bisitariei, eta horretarako hainbat ekitaldi prestatu dituzte.

Sagar erakustazokarekin hasiko dira Sagarraren Festaren ekitaldiak. 09:30ean zabalduko dute, eta bertako sagarrak jarriko dituzte ikusgai eta salgai. Gainera, sagardoa egiteko materiala ere izango da.

10:30ean sagardoa nola egiten den erakutsiko dute. Sagardoa egiteko sagarrak gurdian eramango dituzte Gaztelu Zaharrera. Idiek tiratutako gurdia Abadia eremuko sagarrez beteta joango da. 10:15ean aterako da Beltzeniatik, eta Zarpai Bandak lagunduta kalejiran joango dira pilotalekuraino. Txalapartariak izango dituzte han zain. Eta ondoren hasiko da sagardoa egiteko erakustaldia.

Eskualdeko sagardoa

Sagar lehertzea ohitura zaharrei jarraituz egingo dute, Azkaingo Txopinondo sagardotegiko Dominik Ladagadecek emango ditu azalpenak. Igandean egindako sagar zukua 2012ko Bixintxo bestak arte ezingo da dastatu, upeleratu eta ordura arte jasoko baitute.

Hala ere, sagardoa dastatzeko aukerarik ez da faltako igandeko festan. Behe Bidasoan 2010ean egindako sagardoa dastatzeko aukera eskainiko dute hainbat sagardogilek. Gainera, goiz guztianbertan egindako sagardoa eskainiko diete bisitarei.

11:30ean, berriz, Bidasoako sagardozaleen kofradiako bigarren biltzarra egingo dute. Eta jarraian, Hendaian Kantuzekabesteko gogoz daudenak elkartuko ditu.

Goiza bukatzeko sagardotegi bazkaria egingo dute, Josenri orkestrak animatuko du.

SAGARRAREN FESTA

Zer. Sagarren erakusketa, sagardo dastatzea, Hendaian Kantuz...

Non. Hendaian (Lapurdi).

Noiz. Igandean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.