Asteburuko proposamenak

Gabonei begira, eskaintza zabala

Irun. Sektore ugari batuko dira Ficobako Expomarket azokan; astelehenean sarrera doan izango da

Erakusmahai batzuetan jokoak prestatuko dituzte gaztetxoentzat. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Nagore Rodriguez.
2011ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Gabonetarako hilabete eskas falta den arren, dagoeneko nabaria da hainbat tokitan Gabonetako giroa. Expomarket azokarekin, Eguberrietako aldia zabalduko du asteburu honetan Irungo Ficoba erakustazokak (Gipuzkoa).

Sektore anitz biltzen dituen azoka da Expomarket —Euskal Kostaldeko Azokari izena aldatu diote—. Eta, hain zuzen ere, aniztasun horrek erakartzen ditu bisitariak, antolatzaileek adierazi dutenez. Iaz, 21.000 bisitari jaso zituen.

Aurreko urteetan bezala, eskaintza zabala izango da, beraz. 65 erakusmahai jarriko dituzte gutxienez —oraindik izena emateko epea zabalik dago—; eta, besteak beste, modaren, kosmetikaren, etxebizitzaren eta dekorazioaren, gastronomiaren eta zerbitzuen inguruko gaiak izango dira erosleen eskura. Aurten, gainera, berritasunen artean, igerilekuak daude.

Gurasoei erosketak egiten laguntzeko, puzgarriak jarriko dituzte, haurrak haietan jolas daitezen; gainera, hainbat erakusketarik jokoak prestatuko dituzte haien erakusmahaietan.

Larunbatean 11:00etan zabalduko dute azoka jendearentzat. Sarreraren salneurria, iaz bezala,bi eurokoa izango da. Gainera, astelehenean doan izango da azokarako sarrera.

Eskulangileen erakustokia

Expomarket azokaren barruan, toki berezia egin nahi izan diete Gipuzkoako eskulangileei. Ficobako lehen pabiloian, Artisautzaren II. Erakustokia jarriko dute, Gabiltza Gipuzkoako Artisauen Elkarteak bultzatuta.

Gipuzkoako 26 eskulangile bilduko dira, eta eskaintza zabala izango dute, ia lanbide guztiek ordezkaritza izango baitute: egurra zizelkatzea, egurrezko jostailuak, koadernatzea...

Gainera, haien lana bertatik bertara ikusteko aukera egongo da; egunero, 12:00etatik 13:00etara, eta 17:30etik 19:00etara erakusketa-tailerrak eskainiko dituzte. Hilaren 3an artilearen eguna izango da; 4an, beiraren eguna; 5ean, birziklatzearen eguna; eta 6an, argiztatze eta kaligrafiaren eguna.

Eskulangileen erakusketak Expomarket azokaren ordutegi berbera izango du, 11:00etatik 20:00etara.

EXPOMARKET

Non. Irun (Gipuzkoa).

Noiz. Larunbatetik asteartera.

Sarrera. Bi euro. 12 urte azpikoentzat doan. Astelehenean sarrera doan guztientzat.

Ordutegia. 11:00etatik 20:00etara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.