Asteburuko proposamenak

Bixintxoen zain bi herritan

Bixintxo jaiak 'Hostoak' ikuskizunarekin hasiko dira Hendaian; Ziburun ere ospatuko dituzte festak asteburuan

Kukai, Amaren Alabak eta Oreka Tx taldeek parte hartzen dute Hostoak ikuskizunean; bihar gauean ikusi ahal izango da Hendaian. GARI GARIALDE / ARP.
Nagore Rodriguez.
2012ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Indartsu hasiko dira aurten Hendaiako Bixintxo jaiak (Lapurdi), Hostoak emanaldia eskainiko baitute bihar Oreka Tx, Kukai eta Amaren Alabak taldeek. Musika, dantza eta kantua uztartzen dituzten ikuskizun horretan.

Iaz, Euskal Herriko hiriburu guztietan eman zuten ikuskizuna, arrakasta handiz. Hainbat herritan eman dute ondoren, eta bihar Hendaian ikusi ahal izango da, 21:00etan, Daniel Ugarte pilotalekuan.

Hostoak ikuskizunaren aurretik hasiko dira, hala ere, Bixintxo jaiak ofizialki, Pelloten itzulerarekin. 17:45ean iritsiko da Kaneta portura. Danborradaren entsegu nagusia egingo dute ondoren, 19:00etan.

Indartsu jarraituko dute jaiek larunbatean ere; zarata handiz batez ere, danborradaren eguna izango baita. 17:15etik 18:30era bitarte, danborrak astinduko dituzte herriko elkarteetako kideek hiri erdian. Eta 19:00etatik 20:00etara denak batera ariko dira Herriko Etxearen aitzinean. Hainbat kanta emango dituzte tarte horretan, eta gero, denak batera afaltzera joango dira, 21:00 aldera.

Festek igandean jarraituko dute. Mezaren ondoren, 11:30ean, kantuan aritzeko elkartuko dira Errepublika plazan Hendaia eta oro har Bidasoa eskualdekoak; Hendaian eta Bidasoan Kantuz-ek antolatu du kantaldi hori. Arratsaldean, musikak jarrai-tuko du, baina San Bixente elizan: Hendaiako abesbatzak eta musika taldeek kontzertua emango dute 18:00etan. Festek hurrengo asteburuan jarraituko dute.

Ziburun ere izango dute hurrengo egunetan zerekin gozatu. Hendaian bezala, bihar hasiko dituzte festak. Alkateak arratsaldeko hiruretan haurren esku utziko ditu herriko giltzak. Hortik aurrera, festa giroa nagusituko da herrian. 19:30ean, mutxikoak egongo dira, eta 20:00etan, mus txapelketa.

Jaien bigarren egunean, presoen aldeko bazkaria egingo dute. 18:00etan, berriz, poteoa egingo dute Ziburuko tabernetan, Ziburu Euskaldun elkarteak antolaturik. Gauean, musika nagusituko da. 22:00etan, Zort'Ziburu taldearen kantaldia izango da, eta ordubete geroago, Rexcover taldearen kontzertua. Gaua bukatzeko, Patcha Mama taldearekin dantzatu ahal izango da. Igandean, meza eta mus txapelketa izango dira. Jaiek hurrengo asteburuan jarraituko dute.

BIXINTXO JAIAK

Non. Hendaian eta Ziburun (Lapurdi).

Noiz. Bihartik igandera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.