Asteburuko proposamenak

Txuleta usaina herrira zabalduta

Tolosa. Bazkari eta afariez gainera, bestelako ekitaldiak antolatu dituzte Txuletaren Festan

Tolosako lau erretegik prestatuko dituzte txuletak parrilan. IMANOL OTEGI / ARGAZKI PRESS.
Nagore Rodriguez.
Donostia
2012ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Udazkena gastronomiaz beteta egon ohi da Tolosan (Gipuzkoa). Tolosa Goxuaren eta Babarrun Jaiaren ondoren, txuletaren txanda iritsi da abenduan. Jada ohiko bihurtu da abenduko zubiaren bueltan txuletaren inguruan biltzea. Aurten ere, halaxe izango da, gaur hasi eta igandera bitartean txuleta usaina zabalduko baita herrian, Txuletaren Festaren harira.

Bazkari eta afariak dira jaiaren ardatza, baina, horretaz gain, bestelako ekitaldi ugari antolatu dituzte aurten, egitarau oso bat prestatzeko asmoz.

Jatorduei dagokienez, aurten, gainera, bertako harakinen haragiarekin batera, bertako baserritarren haragia jan ahal izango dute festara biltzen direnek.

Zerkausia erretegi bihurtuko dute egun hauetan, eta bazkariak eta afariak eskainiko dituzte, urteroko menuarekin: urdaiazpikoa, kukuluak, zainzuriak, txuleta piperrekin, gazta, teilak, zigarrotxoak eta xaxuak. Edaria aukeran jarriko dute: ura, Arabako Errioxako ardoa eta sagardoa. 45 euro balio du menuak. Turismo bulegoan egin behar dira erreserbak, (0034) 943-69 74 13 telefonoan.

Gaur, goizetik hasita hainbat ekitaldi egongo dira: hegazkinen akrobaziak, erakusketa eta hegaldi simulagailuak goizean; eguerdian, Zerkausiko ontziralekuan itsasontziak; eta, arratsaldean, berriz, Hipo eta Tomax pailazoen emanaldia.

Ganadu azoka larunbatean

Bihar, bazkaria eta afaria eskainiko dituzte Zerkausian. Eta, bestalde, asteroko azoka egingo da, Zerkausiko postuak Trianguloan egongo dira.

Ganadu azoka egingo dute larunbat goizean. Trikitilari eta bertsolariek ere parte hartuko dute larunbateko festa egunean, eta zortzi sagardotegitako sagardoa dastatzeko aukera ere egongo da.

Larunbat eguerdian, herri bazkaria egingo dute, Zerkausian; betizu txekor bat burruntzian erreko dute. Arratsaldean, idi dema egingo dute Euskal Herria plazan, eta ondoren, afaria izango da Zerkausian. Igandeko bazkaria, festako azkeneko otordua, bertako idi txuletekin prestatuko dute.

Txuletaren festan Tolosako lau erretegik prestatuko dituzte txuletak: Oruek, Burruntzik, Casa Julianek eta Casa Nicolasak.

TXULETAREN FESTA

Non. Tolosan (Gipuzkoa).

Noiz. Gaur hasi eta igandera bitartean.

Informazio gehiago. www.tolosagourmet.com webgunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.