Asteburuko proposamenak

Eskulanak egiteko asteburua

Barakaldo. Tailerrak eta erakusketak egingo dituzte gaurtik igandera BECeko Eskulanen Aretoan

Hainbat material erabiliz, eskulanak egin ahal izango dituzte bisitariek aretoan, profesionalen laguntzarekin. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Nagore Rodriguez.
2013ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Gero eta gehiago dira eskulanak egiteko zaletasuna dutenak; horren adibide garbia da urtero Barakaldoko BECen (Bizkaia) egiten den Eskulanen Aretora biltzen den jende kopurua. Iaz, 18.646 lagun elkartu ziren, eta aurten kopuru hori mantendu edo hobetzea espero dute antolatzaileek.

Eskulanak egiteko artea gero eta gehiago zabaltzen ari da nazioartean, bai bakarka aritzeko, baita tailerretan parte hartzeko ere. Norberaren satisfazioa lortzeaz gainera, krisi garai hauetan, lana bilatzeko modu bat izan daiteke. Aurrezteko eta birziklatzeko aukera ere eskaintzen du, gainera.

Zale horiek guztiak biltzeko eskaintza zabala prestatu duteBECen; guztira, 78 erakusmahai izango dira, iaz baino % 11,5 gehiago. 28 erakusle, gainera, lehen aldiz izango dira BECen.

Hainbat material jarriko dute salgai: larrua, oihalak, feltroa, paperak, artilea, zeramika... Horiek erosi ez ezik, erabili ere egin ahal izango dira, hainbat tailer prestatu baitituzte lau egunetarako. Hala, poltsak, brotxeak, bitxiak, bufandak, erretiluak, agendak, jostailuak eta beste egin ahal izango dituzte tailerretan parte hartuko duten bisitariek. Inauteriak gertu daudela eta, ordurako jantziak eta osagarriak egiten ere arituko dira. Tailerrak adituek emango dituzte; bost eta 35 euro arteko prezioa izango dute, materiala barne.

Zortzi erakusketa

Eskulanen Aretoaren atal garrantzitsuenetariko bat dira tailerrak, eta horregatik, eskaintza zabala da; haur eta helduek, hasiberri eta iaioek, denek aurkituko dute gustuko zerbait aretoan. Lan errazak eta zailak egin ahal izango dira, baina denak originalak. Haurrentzat ere ikastaro bereziak prestatu dituzte.

Ikusleen arreta erakarriko dute, halaber, zortzi parte hartzailek eskulanekin prestatutako erakusketek. Horietariko batek inauterietarako mozorro, txapel eta maskarak jarriko ditu ikusgai.

Eskulanen aretoa gaur inauguratuko dute, eguerdian.

ESKULANEN ARETOA

Non. Barakaldoko BECen (Bizkaia).

Noiz. Gaurtik igandera bitartean.

Ordutegia. 11:00etatik 20:00etara.

Sarrera. 7,5 euro sarrera orokorra, eta 14 euro lau egunekoa .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.