Asteburuko proposamenak

Urre beltza, bertatik bertara

Gasteiz. Boilur beltzaren azoka egingo dute larunbatean, zezen plazan, onddo mota hori ezagutarazteko

Boilurrak aurkitzea ez da lan erraza; horregatik, txakurren laguntza izaten dute bilatzaileek. TEDER.
Nagore Rodriguez.
2013ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Lurrazpian hazten den onddo bat da boilurra, oso desiratua baina, era berean, ezezaguna. Europan 30 bat espezie ezagutzen dira, eta horietako batzuk aurki daitezke Araban, lur eta klima aproposak baititu haientzat. Boilur beltza, neguko boilurra, udako boilurra, udazkeneko boilurra eta beste batzuk hazten dira Arabako lurretan. Horietako asko gastronomiarako erabiltzen dira, baina ez guztiak. Denetan desiratuena, hala ere, boilur beltza da. Gaur egun, basaboilurra gain behera badoa ere, produktua laborantzaren bitartez lortzen da.

Onddo hori ezagutarazteko eta gastronomian izan dezakeen erabilpena erakusteko, azoka egingo dute larunbat honetan Gasteizko zezen plazan. Arabako boilurraren kooperatibak antolatu du, eta Ramon Barro presidentearen aburuz, «aukera ona da hain desiratua eta topatzeko zaila den onddo hau bertatik bertara ezagutzeko».

Egunean osoan hainbat ekitaldi izango dira, goiz eta arratsaldez egongo baita zabalik Boilur Beltzaren VI. Azoka. Batetik, sukaldaritzan izan dezakeen erabilera ezagutuko dute bisitariek; horretarako, Arabako sukaldariek boilurra erabiliz hainbatplater prestatuko dituzte. Izan ere, boilurra errezeta ugaritan presta daiteke: arrautzarekin, entsaladan, pastarekin, haragiarekin... Hori guztia erakutsiko dute bisitarien aurrean sukaldariek.

Txakurren erakustaldia

Lur azpian hazten denez, boilurra aurkitzea ez da lan erraza. Txakurren laguntzarekin jaso behar izaten dira, eta horretarako bereziki hazten dira animaliak. Behin basora joanda, boilurrak dauden lurrak usaintzen ditu txakurrak, eta aurkitutakoan, inguruko lurra kentzen du hura topatu arte. Bilatzaileak, aiztoaren laguntzaz, onddoaren inguruko lurra kentzen du, boilurra lurretik ateratzeko.

Lan hori ere erakutsi nahi dute azokako antolatzaileek larunbatean, eta horretarako, lurrez betetako igerileku batean boilur bat ezkutatuko dute, eta hainbat txakur hura topatzen saiatuko dira.

Arratsaldeko seietan, boilur beltzaren enkantea egingo dute, eta norbanako eta ostalariek parte hartu ahal izango dute. Boilur kilo erdiaren hasierako prezioa 400 euro izango da.

BOILUR BELTZAREN AZOKA

Non. Gasteizko zezen plazan.

Noiz. Larunbatean.

Ordutegia. 11:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 21:00etara izango da zabalik azoka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.