Asteburuko proposamenak

Kaleko kulturaren jaia Bilbon

Bilbo. Larunbatean egingo duten Break on Stage jaialdiak hogei ikuskizun emango ditu bi orduan

Rayden musikari madrildarrak ikusleen arreta bereganatuko du, larunbatean Bilbon egingo den Break on Stage jaialdian. FLOWFREAKS.
Lander Muñagorri Garmendia.
2014ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Goi mailako ikuskizuna bermatuta dagoela, hori diote Break on Stage jaialdiaren antolatzaileek. Hamalau urte dira kaleko kultura lehenbizikoz taula gainera eraman zutenetik, eta, aurten ere, «ibilbide bikaina izan duten eta erreferente bihurtu diren hainbat artista» bilduko dituzte Bilbo Arenan. 19:00etan hasiko da urteroko bihurtzen hasi den ekitaldia, eta bi orduan hogei ikuskizun taularatuko dituzte. Horien artean, besteak beste, dantza, kirola, musika, irudiak eta akrobaziak ikusteko aukera egongo da.

Jaialdiari ikusgarritasun eta ospe handiena eman dion esparrua breakdance-a izan da. Eta, hor, Europako talderik onenak iritsiko dira Break on Stagera. Besteak beste, han ikusi ahal izango dira Herbehereetako The Ruggeds, Frantziako Inesteam, Espainiako Rst Crew, Suediako Kaynix kaleko dantza talde famatua eta Chey dantzariaren ikuskizun berriaren estreinaldia. Los Angeles hiritik, bestalde, Poe One breakdance dantzari ezaguna etorriko da Bilbora epaile lanak egitera, eta baita bere ikuskizuna aurkeztera ere.

Musikaren atalean ere egongo da zer ikusia. Beatbox-a egiten duen Vocaliks Herrialde Katalanetako taldea taularatuko da lehenbizi. «Ikuskizun harrigarri eta dibertigarria», antolatzaileen arabera. Baina eguneko ikuskizun nagusia Rayden hip hop abeslariaren kontzertua izango da. Azken urteetan, bakarkako bi disko atera ditu A3Bandas eta Crew Cuervos taldean ibilitako kantariak, eta Bilbora Break on Stageko izarretako bat bezala etorriko da.

Euskal taldeen lehiaketa

Puntako ikuskizuna emateaz gain, bertako harrobia ere lantzen dute jaialdian. Eta horren erakusgarri da aurten lehenbizikoz antolatu duten Bost Urban Dance txapelketa. Otsail eta martxo hasieran Elorrioko (Bizkaia) Akadantz eta Aretxabaletako (Gipuzkoa) Fun Dantz lehiaketetan egindako bi kanporaketen ondoren, bost euskal talderen lehia ikusi ahal izango da larunbatean, Break on Stage jaialdian. «Euskal Herriko bost kaleko dantza talde onenak» izango dira han, antolatzaileen arabera.

Lehia hori egin aurretik, Dirt Jump lehiaketa ere egingo da. Jaurtitze arrapala batetik, bizikletarekin jauzi «ikusgarriak» egingo dituzte lehiakideek. Kaleko kultura, beraz, berriz ere taula gainean egongo da.

BREAK ON STAGE

Non. Bilbon.

Noiz. Etzi, 19:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.