Bilboko Musika-Musica jaialdiak Errusiako nazionalismoa oroituko du

Gaur hasi eta igandea bitartean, 69 kontzertu eskainiko dituzte aurten, Euskalduna jauregian

Judith Jauregi pianistak parte hartuko du jaialdian. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Bilbo
2012ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
«Musika klasikoa zabaltzea eta herritar guztiengana eramatea» da Musika-Musica jaialdiaren helburua, antolatzaileen esanetan —Bilbao 700 Fundazioa eta Bilboko Udala—. Eta aurten, jaialdiaren 11. ekitaldian, musika klasikoaren aro emankor bat oroituko dute: Errusiako nazionalismo musikala. XIX. mendeko bigarren zatikoa, alegia. Errusiako distira deitu diote, eta gaur hasi eta igandea bitartean, 69 kontzertu izango dira Bilboko Euskalduna jauregian.

Piotr Ilitx Txaikovski, Mikhail Glinka, Alekdandr Borodin, Mili Balakirev, Modets Mussorgski, Nikolai Rimski-Korsakov, Aleksandr Skriabin eta Sergei Ratxmaninov musikagileen lanak agertzen dira programan. Eta horiek interpretatzeko 600 artista baino gehiago ariko dira. Dena den, jaialdi baten egitura izanda, Musika-Musicak ez dauka musika klasikoko ohiko programazioaren formatua. «Beraz, entzule multzo heterogeneoa eta adin orotarikoa erakartzen dugu», adierazi dute antolakuntzako kideek. «Gainera jaialdiaren ezaugarrietako bat da esparru bakar batean kontzertu ugari aldi berean egiten direla». Hortaz, kontzertuen batez besteko iraupena 45 bat minutukoa izango da.

Musikagile errusiarren lanak interpretatuko dituzten taldeei dagokienez, orkestrak eta bandak sei izango dira: Bilboko Orkestra Sinfonikoa, Musica Viva (Mosku), Galiziako Real Filharmonia, Sinfonia Varsovia, Valleseko Orquesta Sinfonica (Sabadell, Herrialde Katalanak), eta Bilboko Udal Musika Banda. Azken hori programazioan sartu dute, aurten banda militarretarako konposizioetako moldaketak daudelako.

Hiru abesbatza ariko dira: Bilboko Koral Elkartea, San Petersburgoko (Errusia) Kaperako Abesbatza eta Moskuko Patriarkatu Errusiarraren Abesbatza. Ganbera musikari dagokionezArriaga eta Prazak laukoteak, Wanderer eta Milman hirukoteak, eta Ermitage Academic Ensemble-k joko dute. Bakarlarien artean, aldiz, piano jotzaileak (Judith Jauregi, Marta Zabaleta, Alexei Volodine...), biolontxelo eta biolin jotzaileak (Asier Polo, Henri Demarquette, Alaxander Rubin...) eta klarinete jotzaile bat (Jose Luis Estelles) ariko dira. Emanaldietarako sarreren prezioa bost eta bederatzi euro artekoa izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.