Asteburuko proposamenak

Aisialdiaren azoka handia

BarakaldoModa, bidaiak, estetika, ardogintza... guztiak bilduko ditu egunotan BEC erakustazokak

Marokoko txokoa, Expovacaciones azokan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Nagore Rodriguez.
2011ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Aisialdiak eta kontsumoak bat egingo dute egunotan Barakaldoko BECen (Bizkaia) egingo den Expoconsumo eta Expovacaciones azokan. Gaur hasi eta igandera bitartean egongo dira zabalik bi guneak.

Oporretara joateko lekuen berri emango du Expovacacionesek; horretarako, hamabost herrialde baino gehiago gonbidatu dituzte BECera. Tartean izango dira Turkia, Tunisia, Egipto, Kuba, Maroko, Argentina, Kroazia, Belgika, Grezia, Portugal, Dominikar Errepublika, Frantzia, Espainia, Lituania eta Mexiko. Horietan dauden tokien berri jasotzeko aukera ere emango du erakustazokak.

Eskaintza horrek guztiak bisitari asko erakarriko dituela uste dute azokako antolatzaileek, eta 270.000 lagun espero dituzte azokak iraungo dituen lau egunetan. Gainera, antolatzaileen arabera, azoka profesionalei zuzenduta baino, bisitariei zuzenduta egongo da.

Expovacaciones azokak itsas bidaldiei zuzendutako gune bat ere izango du. Bilbao Cruise Forum 2011 sinposioak osatuko du itsas bidaldien eskaintza.

Expoconsumo azokan, hainbat sektoretako saltzaileek bat egingo dute; besteak beste, eskulangintza, elikadura, moda, optika, estetika, argazkigintza eta lorezaintzako produktuak erosi ahal izango dituzte bisitariek. Hemengo markak ez ezik, nazioartekoak ere topatu ahal izango dira.

Moda eta ardoa

Gainera, tailerrekin, dastatzeekin, eskulangintza lanen erakustaldiekin, musika emanaldiekin, dantzekin eta beste hainbat ekitaldirekin osatuko dute azoka erraldoiaren eskaintza. Eta bi gune horiez gain, beste hainbat txoko prestatu dituzte.

Mundu osoko upategien eskaintza topatu ahal izango dute ardozaleek Expovino azokan. Bisitariek ardoa dastatzeko aukera izango dute, eta gainera, musika emanaldiak ere izango dira.

41 parte hartzaile bilduko ditu, bestalde, Creamoda lehiaketak: diseinatzaile gazteak euren bilduma berriekin lehiatuko dira. Estetika eta ileapaindegietako azken joerek ere izango dute euren tartea asteburu luze honetan, Creaimagen txokoan.

EXPOVACACIONES AZOKA

Non. Barakaldoko BECen (Bizkaia).

Noiz. Gaur hasi eta igandera bitartean.

Ordutegia. 11:00etatik 20:30era.

Sarrerak. Hiru euro gaur eta bihar, eta 6 euro larunbat eta igandean. 10 urte azpikoentzat, doan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.