Asteburuko proposamenak

Euskarazko hitz egokien bila

Irun. Hainbat proba gainditu beharko dituzte lehiakideek Hitz Gurutzatuen Txapelketan

Lehen probak mahaian eserita egingo dituzte lehiaketako parte hartzaileek. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Nagore Rodriguez.
2012ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Euskararekin jolasteko modu asko daude, eta horietako bat da hitz gurutzatuak egitea. Hain zuzen ere, larunbatean hitz gurutzatuak egiteko elkartuko dira hainbat lagun Irungo Ola sagardotegian (Gipuzkoa), Luma aldizkariak antolatutako Hitz Gurutzatuen Txapelketan, euskararekin eta euskaraz jolasteko.

Txapelketaren aitzakian, gainera, festa eguna prestatu dute. Goizean hasiko dira txapelketarekin, 09:30ean; eta ondoren, bazkaldu eta jai giroan pasatuko dute arratsaldea; sariak banatu, eta kantuan ariko dira. Bertsolariak ere izango dituzte.

Lehiaketari dagokionez, parte hartzaile guztiek bi taula osatu beharko dituzte, 10x10 eta 11x11 neurrikoak. Proba horien ondoren, hamasei lagun sailkatuko dira finalerdirako. 12x12ko taula osatuko beharko dute horiek. Eta azkenean, lau lagun bakarrik igaroko dira finalera. Azkeneko taula 15x15 tamainakoa izango da. Ordubete izango dute finalistek azken lana osatzeko.

Finalera arteko lanak eserita egingo dituzte parte hartzaileek, baina finala zutik jokatuko dute; kubo handi bat jarriko dute antolatzaileek, eta kuboaren alde banatan ariko dira finalistak, beste lehiakideek zer egiten duten ikusi gabe.

Sari ugari

Lehiaketa irabazi ahal izateko, hainbat taula osatuko beharko dituzte, eta horiek betetzeko, gai asko menperatu beharko ditu irabazleak, denetarik eskatuko baitzaie: geografia, hizkuntzarekin lotutako hitzak... Baina antolatzaileek diotenez, Ā«batez ere, ondo ulertu behar da emandako definizioa; eskatzen dena ondo irakurriĀ».

Txapela eta 350 euro lortuko ditu txapelketa irabazten duenak. Bigarrenak, berriz, 225 euro. Hirugarrenak, 120, eta laugarrenak, 60. Finalera iristen diren gainontzekoek 20 euro jasoko dituzte. Parte hartzaile guztiek, hala ere, Eusko Labela duen produktu sorta bana eskuratuko dute.

Luma-k antolatutako lehiaketaren seigarren aldia izango da aurtengoa. Urtez urte, pixkanaka hazten ari da parte hartzaileen kopurua; lehen urtean, hogei parte hartzaile elkartu zituen, eta iaz, berriz, 37. Ainhoa Arregi bilbotarrak lortu zuen iaz txapela.

HITZ GURUTZATUEN LEHIAKETA

Non. Irungo Ola sagardotegian (Gipuzkoa).

Noiz. Larunbatean.

Informazio gehiago. www.xedera.com.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.