Amaia Izko. Abokatua

«Torturaren aurkako borrokarako tresna izan behar du epai honek»

Portu eta Sarasolaren torturen auzian haien abokatu gisa aritutakoa da Amaia Izko; haren ustez, tortura amaitzeko bidean «mugarria» izango da Gipuzkoako Probintzia Auzitegiaren erabakia.

GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
Donostia
2011ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Igor Portu eta Mattin Sarasola torturatzeagatik lau guardi zibil zigortu izana albiste pozgarria dela dio Amaia Izko abokatuak. «Holakoak gutxitan jasotzen baititugu». Abokatuak telefono dei ugari jaso ditu azken egunetan, eta horietako asko egindako lanagatik zoriontzeko izan dira. Izkok, baina, bidean geratu diren tortura salaketak ditu gogoan. «Tortura amaitzea izango litzateke saririk handiena», dio. Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak joan den astean kaleratutako erabakia aztertzeko BERRIArekin izan da.

Duela astebete jakinarazi zen epaia. Zer balorazio egiten duzu?

Epaia ona izan da, bere argi-ilunekin, baina ona. Torturaren existentzia nola ezkutatzen den kontuan hartuta, epai hau mugarri bat izan daiteke. Ebazpen judizial batean tortura egon badagoela jasotzea oso garrantzitsua da, nahiz eta hori oso modu mugatuan egin. Muga horiek, jakina, oso lotuta daude tortura inguratzen duen egoerarekin, Espainiako Estatuan torturak jasotzen duen tratamenduarekin, ematen den isiltze eta ezkutatze sistematikoarekin. Egoera horretan, horrelako epai bat lortzea oso modu positiboan baloratu behar da. Ez dakigu zigortutako guardia zibilak espetxera joango diren edo ez. Haiek babesten jarraituko dutela ziur gaude, orain arte bezala. Heroi gisa ere tratatu dituzte zenbait sektorek; pentsa, beraz... Hala ere, sententzia honen balioa beste bat da. Tortura amaitzeko borrokan tresna garrantzitsua izan behar du epaiak, bai hemen, bai nazioartean, gure borroka torturaren kontrako borroka baita.

Zigortutako lau guardia zibilei bi eta lau urteko espetxe zigorrak jarri dizkiete. Zuen eskaeratik oso urrun.

Tortura larrien delituagatik Zigor Kodean tipifikatutako zigorrik txikienak dira horiek, eta horrek ez du bat egiten epaileak frogatutzat eman duen kontakizunarekin. Basakeria bat izan zen. Hala dio epaiak berak: mendira eraman zituzten, lurretik arrastaka eraman zituzten, ukabilkadak, ostikoak, zaplaztekoak eman zizkieten, pistola buruan jarri zioten Sarasolari, tiro hots bat entzun zen, Porturi ibaian sartu zioten burua... Hori guztia kontuan hartuta, bi urteko zigorra? Hori ez dator bat epaileak frogatutzat eman duen ekintzen larritasunarekin. Askoz ere zigor handiagoak jartzen dituzte kutxa automatiko bat erretzeagatik pertsona bat torturatzeagatik baino. Gizarteak ezin du hori onartu, eta guk, akusazio partikular moduan, ezin dugu onartu.

Azkenean auzipetuta zeuden hamabost guardia zibiletatik hamaika absolbitu dituzte.

Aipatu bezala, epaia oso mugatua da, eta hori nahita eginda dagoela nabari da. Ez Guardia Zibilak, ez politikariek, ez epaileek ez dute onartu nahi tortura egon badagoela. Kasu honetan, baina, isilean mantendu ezin izan dituzten elementu batzuk agertu dira. Behartua ikusi dute beren burua onartzera tortura egon badagoela, baina, hala eta guztiz ere, asko mugatu dute hori, zigorretan ikus daitekeenez: uniformez aritu ziren guardia zibilak zigortu dituzte bakarrik; informazio taldekoak, berriz, kanpoan geratu dira, besteak bezain bortitzak ezin direla izan adierazi nahian. Hori eginda blindatu nahi izan dute Mattin Sarasolarengatik lorturiko deklarazioa. Kontuan hartu behar da deklarazio horietan oinarrituta zigortu egin zituztela Mattin Sarasola eta Igor Portu.

Zergatik egiten du epaileak bereizketa hori?

Epaiaren gakoetako bat da hori. Mattinek eta Igorrek adierazi zuten hasieran jaso zituzten tratu txarrak izugarriak izan zirela, baina tratu txar horiek ondoren ere jarraitu zutela azaldu zuten. Igorren kasuan, ospitalera eraman zutenera arte, eta Mattinen kasuan, Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrera eraman zutenera arte. Hala eta guztiz ere, epaileak frogatutzat eman du soilik kontakizunaren lehenengo zatia. Bestea egia ez denik ez du esaten, baina ezin dela frogatutzat eman dio, hori berretsiko lukeen elementu periferikorik ez duelako. Baina kanpoko elementu horiek existitzen dira: aurretik gertatutako guztia. Eta epaileak berak dio hori egia dela. Egia, beraz, osotasunean hartu behar da. Ezin da mozketarik egin. Sententziak ez du jasotzen arrazoi handi bat mozketa hori egiteko.

Hori guztia ikusita, helegitea aurkeztuko duzue Auzitegi Gorenean?

Bai. Gure planteamenduekin bat ez datozen aipamen juridiko batzuk daude frogatu diren egitateekin bat ez datozenak. Era berean, ez ditugu partekatzen epaian zigorrak arrazoitzeko erabili diren argudioak. Horrekin lotuta, gure ustez, oso elementu garrantzitsua da lehen aipatu dugun kontakizunaren mozketarena, Intxaurrondoko polizia etxean eta handik aurrera parte hartzen duten guardia zibil guztiak zigorrik gabe geratu baitira.

Une horietan tratu txarrak izan ziren edo ez ezin duela frogatu dio epaileak. Beraz, onartu egiten du polizia etxeetan zein lekualdatzeetan inpunitate osoz aritu daitezkeela poliziak.

Hala da. Horretarako dago egina inkomunikazioa. Epaileak ez du inkomunikazioa zuzenean salatzen, baina, zeharka bada ere, aipatu egiten du. Guk hori hartu behar dugu eta inkomunikazioaren aurka egiten dugun salaketetan erabili. Epaiak agerian uzten du zer-nolako inpunitatea irekitzen duen inkomunikazioak: harresi bat sortzen du atxiloketaren inguruan, hor zer gertatzen den ezkutatzen du, eta babestu egin dezake torturatzailea.

Sententzia horrek zer-nolako eragina izan dezake Portu eta Sarasolari aurretik jarritako zigorretan? Esaldi ulergaitz baten bidez epaileak dio osatu gabe daudela epai horiek, baina...

Epai honetan eskujoko antzeko bat egiten da aldez aurretik mahai gainean jarri diguten egoera blindatzeko. Mattin behartu zuten deklaratzera, eta bi sententziaren oinarri gisa erabili dute deklarazio hori bai Mattin bai Igor zigortzeko. Beraz, aldez aurretik jarri digute egoera, eta ondoren joan gara torturen epaiketara. Egoera hori gainditzeko eta blindatzeko benetako eskujoko bat egiten da torturen sententzian. Puntu horretan epaia ez da batere argia. Horregatik egiten du lehen aipatu dugun mozketa hori. Kontakizunaren lehen zatiak ez duela Mattinen deklarazioetan eraginik dio epaileak. Baina, nire ustez, astakeria bat da hori. Mendira eraman, hilko zutela antzeztu, jo ondoren eta zaurituta deklaratu ostean... horrek balio du? Hori da sententziak esaten duena eta Auzitegi Nazionalak esan duena. Nire ustez, astakeria bat da hori. Halako egoera batean pertsona batek bere eskubide guztien jabe deklaratzen duela pentsatzen al dugu? Gainera, Mattinek dio egoera hori atxiloaldi osoan mantendu zela. Nire ustez, epaile batek ez luke ontzat hartu behar deklarazio hori. Torturen sententzia saiatzen da aurreko egoera ez ukitzen. «Mattinen deklarazioak balio du, Mattinen eta Igorren aurkako zigorrek balio dute», dio, nahiz eta esan torturak egon direla.

Zer espero duzue Auzitegi Gorenetik?

Sententzia honetara ez gara heldu epaileek torturak ikertzekobenetako borondatea dutelako. Kasu honetan elementu oso nabarmenak egon dira: atxiloaldiaren parte batzuk polizia etxetik kanpo gertatu dira, eta kanpoko elementu batzuk egon dira, lekukoak eta abar. Ez dut esan nahi epaile instruktorearen ikerketa zuzena izan ez denik, baina hori ez da gertatu torturak ikertzeko joera bat dagoelako edo torturatuekiko enpatia bat dagoelako. Kasu honetan elementu oso nabarmenak egon dira, eta horiek Auzitegi Gorenaren aurrean ere agertuko dira. Nire ustez, oinarri sendoko prozedura eta epaia da hau. Elementu negatibo batzuk ditu, baina oinarri sendoak ditu hemen tortura egon dela frogatzen duenean. Gorenean ere hala agertu beharko luke, ez luke zertan aldatu.

Auzia Gipuzkoako Probintzia Auzitegian epaitu izanak eraginik izan al du?

Auzitegi Nazionalak eraman ez izanak lagundu du. Kontua ez da Gipuzkoako Auzitegiak torturak ikertu eta epaitzeko joera handiagoa duenik. Auzitegi Nazionala da arazoa. Auzitegi horrek tortura guztiak ukatu egiten ditu modu sistematiko batean. Bera da torturak ikertzeko joera ez duena. Auzitegi Nazionalak berak esan zuen tortura salaketak gezurra zirela eta guztia ETAren estrategiaren parte zela. Tortura ahalbidetzen duen mekanismoaren parte da Auzitegi Nazionala. Esan behar da, halaber, euskal gizartean, eta hemen dauden epaileak euskal gizartearen parte dira, beste modu batez ezagutzen, baloratzen eta begiratzen dugulatortura. Hemen elementuak dauzkagu guztiok jakiteko tortura egon badagoela; gero bakoitzak baloratuko du nahi duen moduan. Baina elementu horiek existitzen dira.

Nola baloratzen duzue Espainiako Barne ministro Alfredo Perez Rubalcabaren isiltasuna?

Zer esango du ba! Nahiko zalaparta atera zuen hasieran, Guardia Zibilaren bertsioa defendatu eta komunikabideei inposatzen saiatu zenean. Horrelako salaketak baldin badaude, ikertu. Eta hain ziur baldin bazaude faltsuak direla, ez izan beldur ikerketari. Inkomunikazioarekin esaten den moduan: hain ziur baldin bazaude polizia etxeetan gertatzen den guztiarekin, jar itzazu bideo kamerak, atxilotuek ez dute inongo arazorik izango, guardia zibilek izango dute? Kasu honetan, gauza bera. Barne ministro batek ikerketa bat bultzatu behar du, eta auzitegietan egiten den ikerketarekin kolaboratu. Baina, hemen, kontrakoa izan da. Zer esango du orain? Ziria sartu ziotela? Ez duela epaia onartzen?

Zuzenbide estatuaren funtzionamendu egokiaren eredu gisa jarri du epaia Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu Rodolfo Aresek.

Hori da aurpegia! Kasu honek bakarrik zalantzan jartzen du zuzenbide estatua ere dagoenik, eta ez alderantziz. Tortura badago, ezin da esan garantiarik edo zuzenbide estaturik dagoenik.

Abokatu gisa oztoporik izan al duzu zure lana egiteko?

Halako kasuetan, estatuaren makineria guztiari egin behar diogu aurre. Hasieran ikusi dugu nola babestu dituzten guardia zibilak. Operazioan parte hartu zuten guztiak ez zituzten identifikatu, Intxaurrondoko arduradunekhaiek nahi izan zituzten poliziak identifikatu zituzten soilik. Ikusi dugu guardia zibilek egin zuten lehen atestatua ez zela egia, eta ez da ezer gertatu. Auzitegiak jarritako bermeak ere ez zituzten haiek ordaindu, Barne Ministerioak baizik. Beraiek ekarri behar dituzte ikerketarako elementuak, eta ez dute behar bezala parte hartu. Horrek agerian uzten du zer-nolako babesa duten.

Epaileak gogor egin du defentsak aurkeztutako perituen lanaren aurka. «Arinkeria metodologiko gaitzesgarriarekin eginiko txostenak» aurkeztu zituztela salatu du.

Haiek aurkeztutako perituen borondatea eta nahia zein zen argi geratu zen lehen unetik. Guardia Zibilaren tesia babestera baino ez ziren etorri. Prestigio handiko perituak dira, baina kasu honetan Donostiako auzi medikuek esandakoa birrintzea baino ez zuten helburu. Perituen lana epaimahaia laguntzea izan behar da, baina zenbait momentutan epaimahaia nahasten saiatu ziren argazki batzuk faltsuak zirela esanaz... Epaileak ezin izan zuen hori onartu, eta hala islatu du epaian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.