Gbagbok amore eman du, eta bere irteera negoziatzen ari da Boli Kostan

Ouattararen aldekoak garaipena ospatzen hasi dira Abidjanen; bitartean, Gbagbo bunker batean ezkutatuta dago, sendiarekinOrain arte presidente izandakoaren indarrak errenditu egin direla iragarri du NBEk

2011ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Azkenean, amore eman du. Abidjango etxean bunker batean ezkutatuta eta erabat inguratuta zegoela ikusi duenean, Laurent Gbagbok su-etena eman du, eta Boli Kostatik irteteko Frantziarekin negoziatzeari ekin dio. Botereari eusteko aukera guztiak baliatu ondoren heldu da, dena den, errenditzea.

NBE Nazio Batuen Erakundeak iragarri du Gbagboren aldeko indarrak kasko urdinen aurrean errenditu direla. Era berean, adierazi du hiru jeneral presidente izan denaren irteera negoziatzen ari direla. Horretarako, Alain Juppe Frantziako Atzerri ministroaren arabera, Gbagbok idatziz botereari uko egin beharko dio eta Alassane Ouattara presidente gisa onartu beharko du. Ahoua Don Mello, Gbagboren bozeramaileak ere Frantziako Gobernuaren iragarpenak baieztatu ditu. Afrikako Batasunaren gomendioei jarraitzea erabaki dutela azaldu baitu Don Mellok, eta, beraz, errenditzea eta Ouattara presidente gisa onartzea.

Gbagbo eta bere aldekoak ondorio horretara ailegatzeko, ordea, azken erasoaldi bortitza egin behar izan dute Ouattararen indarrek Abidjanen. Iparraldetik ekin zioten bozetako irabazlearen aldekoek Gbagboren indarren aurkako borrokari. Jamusukro hiriburua eta San Pedro herrialdeko portu nagusia egun gutxitan hartu zituzten mendean. Izan ere, bidean ez zuten kasik erresistentziarik topatu. Abidjanera heldu zirenean, baina, Gbagbok uste baino indar gehiago zuela egiaztatu ahal izan zuten. Izan ere, herrialdeko hiri garrantzitsuena baliabide guztiekin babestu du Gbagbok, botereari eusteko bere azken aukera zela jakinda.

Azken egunotan borrokak gogortu egin dira Abidjanen. NBEk, kasko urdinen eta zibilen kontrako erasoak zirela medio, hitzetatik ekintzetara pasatzea erabaki zuen, herenegun. Frantziak ere herrialdean dituen soldaduak mugiarazi zituen: airetik Gbagboren base militar bati misilak jaurti zizkioten. Nazioartearen laguntzaren ondorioz, balantzak oreka galdu zuen. Atzo, Ouattararen aldekoek Gbagbo bakartzea lortu zuten. Orain arte presidente izan denari amore ematea beste aukerarik ez zioten utzi.

Errendizioaren zurrumurruak berehala zabaldu dira Abidjanen, eta Ouattararen aldekoak garaipena ospatzeari ekin diote. «Borroka irabazi dugu», adierazi du Cisse Sindouk, Ouattararen gertukoak. Era berean, hurrengo urratsa bakea berrezartzea izango dela iragarri du. NBEren Boli Kostako ordezkariek ere amaitutzat jo dute gerra.

Zibilak, harrapatuta

Oraindik tiro hotsak entzun daitezke, dena den, Abidjanen. Kaleak erabat hutsik daude, izan ere, herritarrak ez dira etxetik irtetera ausartzen. Gbagbo inguratu aurreko orduetan oso borroka bortitzak egon dira hirian, eta NBEk erasoetan harrapatuta geratu diren zibilen egoera «dramatikoa» dela salatu du. Rupert Colville NBEren Giza Eskubideen komisarioaren eledunak «oso larrituta» daudela adierazi du. Izan ere, jende asko bizi den eremuetan ere eraso bortitzak egin dituzte egunotan. Egundo ez dakite zein izan diren borroka horien ondorioak.

Hildakoak kalean botata daude, ospitaleak itxita jarraitzen dute, anbulantziak kalera ateratzeko beldur dira, eta zerbitzu publiko guztiak etenda daude. Herritarrak, berriz, etxean giltzapetuta egon dira azken egunotan, egoera baretu zain. Asko, gainera, elektrizitate hornidurarik gabe geratu dira. Jatekoa eta edatekoa ere amaitu zaio hainbati.

Douekoueko gertakaria

Iragan larunbatean, bestalde, Gurutze Gorriak Douekoue hiriko erasoetan 800 zibil baino gehiago hil zituztela salatu zuen. NBE gertakaria ikertzen ari da, eta 200 hilotz dituen hobi komun bat topatu dutela iragarri du. Hiriaren beste hainbat eremutan ere hildakoak aurkitu dituzte. Ouattarak gertatutakoa ikertuko dutela adierazi du, eta erantzuleak zigortuko dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.