Aitor Arana. Idazlea eta hiztegigilea

«Ikaragarri eskasten ari zaigu euskarazko hiztegia»

Gesalazko eta Jaitzeko XIX. mendeko euskara jasotzen duen hiztegia egin du Aitor Aranak. Argitaratu duen hamabigarrena da.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
K Saioa Alkaiza(h)
2012ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Euskal idazle emankorrenetarikoa da Aitor Arana (Legazpi, 1963). 50 eleberritik gora eta 12 hiztegi argitaratu ditu. Azkeneko lana, Gesalazko eta Jaitzeko (Nafarroa) XIX. mendeko euskarari buruz egindako euskara-gaztelera hiztegia da. Aranak adierazi du lanak merezi duela hildako euskalkia ikasiko duen pertsona bakarra baldin badago.

Gesalazko eta Jaitzeko euskarari buruzko gaztelerazko hiztegi bat egin duzu. Nola sortu zen egitasmoa?

Nik XIX. eta XX. mendeetan euskara galdu zuten ibarrak aztertzen ditut. Duela hamar urte hasi nintzen, eta, pixkanaka-pixkanaka, euskarazko hamabi hiztegi atera ditut. Gesalazko hizkeraren euskarazko hiztegia 2006an egin zuten. Aurten, hango udaletik deitu eta esan zidaten: «Ondo dago euskarazko hiztegia egotea, baina erdaldunentzat ere horren itzulpena nahi dugu. Ikus dezaten herrian euskara ere badela».

Zein da hango euskaran topatutako berezkotasun esanguratsuena?

Hegoaldeko goi nafarrera euskara batuaren oso antzekoa da. Adibidez, «n»-a galtzen du lehenaldietan; zuen esan beharrean zue esaten da. Nintzen esan beharrean niza.

1.300 hitzen itzulpenak bildu dituzu hiztegian. Nolakoa izan da dokumentazio prozesua?

Sermoiekin eta toponimiarekin egiten da euskara galduta dagoen leku bateko hiztegia. Eremu horietan, jendea euskalduna zen lehen, eta, gainera, euskaldun elebakarra. Apaizek mezatan sermoiak euskaraz ematen zituzten, halabeharrez, eta neska-mutikoei doktrina euskaraz irakasten zitzaien. Gesalatzen doktrina bat eta hiru sermoi luze eta interesgarri genituen, bertako euskaran. Horri eskerrak, hiztegi mamitsua egin dugu.

Zaraitzuera, aezkera, Artaxoako euskara... Orain Gesalazko eta Jaitzeko euskara aztertu dituzu.Nafarrerarekin tematu zara.

Euskaldunak diren eremuetan, zorionez, bertako jende asko lanean dabil. Lan duina eta ona egiten dute, eta ez dago beharrik eremu horietan tematzeko. Baina, egungo inguru erdaldunetan jatorrizko hiztunik ez dago, eta, beraz, euskara aztertu beharra dago. Gainera, harrera ona izan du lanak, asmatu genuela uste dut. Askotan, hiztegiez gain, gramatikak egiten saiatzen gara. Norbaitek bertako euskara ikasi nahi izanez gero, baliabideak izateko. Gesalazko eta Jaitzeko kasuan, oraingoz, ez dugu gramatikarik egin.

Hiztegia egitearen helburua hildako euskalkiak berpiztea da?

Helburua herritarrek bertako euskararen berri izatea da. Dena den, badaude euskalkia ikasteko interesa duten pertsonak. Pertsona bakar batek ikasiko balu ere, merezi du hiztegia egitea.

Posible da galdutako euskalki bat berreskuratzea?

Euskara galdu duten ibarretan garrantzitsuena euskara batua ikastea da.Hortik aurrera, bakoitzak nahi duena ikas dezala.

Euskalkiak eta euskara batua. Gatazkatsua izan da gaia, askotan.

Ez da antzinako borrokarik piztu behar batua eta euskalkien artean... Denaren aldekoak izan behar dugu. Zalantzarik ez dut euskalkiak eta batua elkarren osagarri eta aberasgarri direla. Ni euskalkiduna naiz, gure aita Zumarragakoa delako, etxean gipuzkeraz egin dugu beti. Baina, jakina, euskara batua behar beharrezkoa da; eta ez bageneuka, sortu beharko genuke.

Unamunok esan zuen errazagoa litzatekeela dinosauro bat berpiztea euskara suspertzea baino. Zuk, euskararen iraupenean sinesten duzu?

Egunen baten igual dinosauro txiki bat ikusiko dugu [barrezka]. DNAarekin auskalo zer egingo duten! Euskara suspertu ahal dugula uste dut. Atxagak esan zuen gauza batean sinesten dut: Euskal Herria euskal hiria izango dela. Auzo batzuk euskaldunak eta beste auzo batzuk erdaldunak izango direla. Egia da, lehenik eta behin, euskaldunen kopurua handitu behar dela. Euskaldun kopuruak %80 edo %90 izan behar du gizartean fundamentuzko erreakzio bat lortzeko. Egun, euskararekiko ezkorra izan nahi baduzu, oso ezkorra izan zaitezke. Eta baikorra izan nahi baduzu, oso baikorra. Niri jende baikorrarekin ibiltzea gustatzen zait. Ni, eremu zailetan ere, beti nabil euskaldun artean.

Zergatik da horren garrantzitsua hiztegiak egitea?

Ikaragarri eskasten ari zaigu euskarazko hiztegia. Saiatzen ez den jendeak oso hiztegi murritza izaten du, eta oso hitz gutxirekin kontatzen ditu esan beharrekoak. Eta pena da. Ez dut ezagutzen hizkuntzarik hiztegian gabezia daukanik, hizlariek dute gabezia.

Agintariak traba izaten dira, maiz, euskaren inguruan lan egiteko.

Nafarroa arragoa. Batzuetan, oso aurkako udalak aurkitzen ditugu, ez dakit zein mamu ikusten duten. Beste batzuetan, oso jarrera irekia dute.

Eta zein da Nafarroako Gobernuaren jarrera?

Esperientzia gazi-gozoak izan ditut. Batzuetan, aldekoak; besteetan, kontrakoak. Gobernuak euskararekiko jarrera desegokia izan ahal du, baina, batzuetan, gobernu horretan badago jende euskaltzalea.

Krisi garaian, gainera, zailagoa izango da diru laguntzak lortzea.

Krisia antzeman da, eta, gainera, lehenengo biktimak sortzaileok gara. Inprimategiari aurrekontua eskatzen diote, eta onartu egiten da. Egileoi, 'Orain ezin dizugu ordaindu' esaten digute. Ia-ia musu truk egin behar izaten dugu lan guztia, eta ordu asko dira. Astuna da, murrizten duten lehenengo gauzetariko bat gure ordaina da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.