Gabriel Arestiren 'Harri eta Herri' obra irakurriko dute hamabi orduz Bilbon

Klasikoen Irakurketan 400 parte hartzaile baino gehiago bilduko dira maiatzaren 22an, Arriaga antzokian

Erredakzioa
2014ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Gabriel Aresti (Bilbo, 1933-1975) izango da Bilboko Klasikoen VII. Irakurketaren protagonista. Harri eta Herri liburuaren 50. urteurrena gogoratzeko, hainbat ekitaldi antolatu dituzte hilaren 20tik 23ra bitartean. Hala, hilaren 22an Arestiren obra irakurriko dute Arriaga antzokian; 08:00etatik 20:00etara izango da irakurketa. Alhondegiko sarrerako pantailetan zuzenean ikusi ahal izango da irakurraldia egun osoan.

Mikel Martinez aktoreak irakurriko du liburua, eta kultura, politika eta beste hainbat esparrutako 400 parte hartzaile bilduko dira bertan. Besteak beste, bertan izango dira Bilboko alkate Ibon Areso, Bilboko Udaleko, Bizkaiko Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, Laboral Kutxako zuzendari nagusia eta EHUko eta Deustuko Unibertsitateko errektoreordeak. Gainera, Bilboko ikastetxeetako irakasle eta ikasleak eta Andres Urrutia euskaltzainburua ere irakurketan izango dira. Kultura munduko hainbat ordezkari ere egongo dira, hala nola Aitor Elizegi bertsolaria, Toti Martinez de Lezea idazlea, Aitor Mazo eta Loli Astoreka aktoreak eta Anari eta Nacho de Felipe abeslariak.

Karpa Arriagaren inguruan

Beste urteetan bezala, hamabost euskal etxeetako ordezkariek aurretik grabatutako mezuak eskainiko dituzte Arriaga antzokian. Dena den, irakurketa ez da Arestiren obraren urteurrena ospatzeko ekitaldi bakarra izango. Horrekin batera, Arriagaren inguruan karpa bat jarriko dute, eta bertan hainbat ekitaldi antolatu dituzte, hala nola erakusketak, idazleen hitzaldiak, antzezlanak, euskara eta dantza ikastaroak, euskara maratoia eta ipuin kontaketak. Gainera, Arriaga Saria eskainiko diote Arestiri, eta haren alaba Andere Arestik jasoko du.

Liburuari buruzko zortzi foro antolatu dituzte, eta horietako bi karpan egingo dira: lehenengoan Gabrielen lekua sentikariaantzeztuko dute, eta bigarrenean Bernardo Atxaga idazlea izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.