EOSek bi kontzertu emango ditu Veneziako Biurtekoan

Luis de Pablo, Gabriel Erkoreka eta Ramon Lazkanoren obrak interpretatuko ditu saioetako batean

Agentziak
Erroma
2014ko apirilaren 11
00:00
Entzun
EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoa Veneziako Biurtekoan izango da, eta bi kontzertu eskainiko ditu Nazioarteko Musika Garaikidearen 58. Jaialdian. Hain zuzen ere, lehen kontzertuan Luis de Pabloren, Gabriel Erkorekaren eta Ramon Lazkanoren obrak interpretatuko ditu, eta bigarrenean, Oreka TX taldeko Harkaitz Martinez eta Mikel Ugarterekin ariko da. Kontzertuak urriaren 9an eta 10ean izango dira, 20:00etan, Tessa antzokian.

Euskal Herriko konpositoreen hiru obra eskainiko ditu EOSek Veneziako lehen kontzertuan. Hala, Erkorekaren Océano, Lazkanoren Ortzi isilak eta De Pabloren Frondoso misterio obra garaikideak interpretatuko dituzte. Obrek bi bakarlari izango dituzte; klarinetea Shizuyo Okak joko du, eta biolontxeloa berriz, Asier Polok.

Aldiz, bigarren kontzertuanEuskal Herriko doinuak dituzten hainbat obra joko dituzte, esate baterako, Michael Finissyren Zortziko, Ivan Fedekeren Txalaparta, eta Mauricio Soteloren Urrutiko Urdin, besteak beste. Obra horiek interpretatzeko Oreka TXen laguntza izango dute. Bi kontzertuak Jose Ramon Encinarrek zuzenduko ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.