Cronenbergen 'Maps to the Stars' filmak ez du kritika ados jarri Cannesen

Steve Carell aktorearen rol dramatikoak harridura handia sortu du Sail Ofizialeko 'Foxcather' pelikulan

Agentziak
Cannes
2014ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Drama eta handinahikeriaren ondorioak izan dira Cannesko zinemaldiaren atzoko bi filmen ardatza. Bietan kontatutako istorioek elkarren artean antzik ez duten arren, famaren eta norbait izateko irrikaren inguruko filmak aurkeztu dituzte David Cronenberg eta Bennet Miller zuzendariek.

Cronenbergek aktore ezagun asko erabili ditu bere Maps to the Stars filma egiteko, hala nola Julianne Moore, Robert Pattinson, John Cusack, Mia Wasikowska eta Olivia Williams. Kanadako zuzendariak Hollywooden kokatu du istorioa, eta hango aktoreen eta fama munduko miseriak jaso ditu. Moore da filmeko protagonista, eta, haren bitartez, zinemaren Mekaren munduko istorio ilunak bildu ditu. Bere aurreko lanetako estiloari jarraituz (A History of Violence, Eastern Promises, A Dangerous Method, Cosmopolis), pertsonaien gainbehera azken muturreraino eraman du Cronenbergek. Hala ere, bere lanean komedia ere badagoela adierazi du zuzendariak, eta filma Jainkotiar Komedia-rekin alderatu du. Dena den, ez du lortu kritika ados jartzea, eta haren azken lanak ez du erabat konbentzitu.

Ezusteko aldaketa

Millerrek ere drama erabili du Foxcatcher pelikulan, eta, hain zuzen ere, ezusteko handia hartu dute ikusleek Steve Carell aktorearen rol ilun eta gordinarekin. Carell komedietan egindako lanarengatik ezaguna da (Little Miss Sunshine, Date Night, Despicable Me, Crazy, Stupid, Love) eta lehen aldiz interpretatzen du pertsonaia dramatiko bat. Oso harrera ona izan du bere lanak.

Millerren filma (Truman Capote, Moneyball) John du Pont milioidunaren eta bi borrokalariren arteko benetako gertaeretan oinarrituta dago. Du Pontek bi borrokalari gazte (Channing Tatum, Mark Ruffalo) kontratatu zituen beraien ibilbidea bultzatzeko eta fama lortzeko asmoarekin, baina bere izaera oldarkorrak bi gazteen ametsak suntsitu zituen. Millerren esanetan, mikroskopioarekin begiratzeko moduan sortu du filma, epaiketa moraletan sartu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.