Durangoko 47. Euskal Liburu eta Disko Azoka

Joan Mari Irigoienek haurrentzako bi poema liburu argitaratu ditu

Xaguxar sailean kaleratu dira, Pello Añorga, Jokin Mitxelena, eta Txomin eta Peru Magdalenaren lanen labealdi berean

Erredakzioa
Donostia
2012ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Joan Mari Irigoienek haurrentzako idatzitako bi poema liburu argitaratu ditu Elkarrek, Xaguxar bilduman: Urruneko motorrak mila zaldi eta Sasiak mendia jan, Antton Olariagak ilustratuak biak ere. Lehena, hamar urtetik gorako haurrentzako liburua da, eta bigarrena hamabi urtetik gorakoentzakoa. Liburuen aurkezpena egitean, Irigoienek jakinarazi zuen joan den otsailean medikuek esklerosia diagnostikatu ziotela, «gaixotasun serioa», eta umeentzako poesia idaztea pentsatu zuela, «testigantza gisa». Olariagak, berriz, adierazi zuen oso gustura egin duela Irigoienen liburuen ilustrazio lana, gutxitan izaten delako poesia ilustratzeko aukera.

Irigoienen bi liburu berriez gain, beste hiru liburu kaleratu ditu oraindik orain Elkarrek Xaguxar sailean: Pello Añorgaren Memoriaren zuhaitza, Jokin Mitxelenak ilustratua; Gaizka Arostegiren Urrezko orrazia, Eider Eibarrek ilustratua; eta Txomin eta Peru Magdalenaren Txomintxo eta Perutxoren abenturak, Iosu Mitxelenak ilustratua.

Hiru narrazio

Egileak bezala, anaia bikiak dira Txomintxo eta Perutxo, Txomin eta Peru Magdalena anaien liburuko protagonistak, eta haien hainbat abentura ezagutuko ditu liburuaren irakurleak. Pello Añorgaren liburuak, Memoriaren zuhaitza izenekoak, oroimenaren garrantzia nabarmentzen du, hala gertaera historikoen memoriarena nola familiako kontuena. Arostegik Mikel Zarate saria irabazi zuen Urrezko orrazia lanarekin, arbasoen baserrira egun batzuk pasatzera joan den ume baten gorabeheren kontaketaren bitartez; oporraldi lasaia izango zela zirudiena korapilatu egingo zaio Ainhoari, antzinako argazki bat aurkitzen duenean.

Bestalde, Eta zer? sailean Xabier Mendiguren Elizegiren Pobreak gara, eta zer? narrazioa eman du argitara Elkarrek, Patxi Gallegok ilustratua. Langabeziari eta krisi ekonomikoari buruzko narrazioa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.