Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Bata kendu eta bestea ez egin

2013ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Bi hilabete baino ez dira igaro, baina usterik makurrenak jada konfirmatu dira: Iparraldearen orena ETBko egunerokotik kentzea galbidea izan da. Lehenik eta behin, noski, Ipar Euskal Herriko teleikusleentzat, galdu baitute gertuko telebista erreferentzia bat, euskarazkoa. Baina halaber euskal teleikusle guztientzat, galdu baitugu geure zati baten berri ematen zigun albistegi bat. Hemen ere eman genuen aldaketaren berri: 21 urtez esklusiboki Ipar Euskal Herriko berriei eskainitako eguneroko albistegi bakarra desagerrarazi zuen ETBk, eta Euskal Herria zuzenean saioan ematen hasi ziren Ipar Euskal Herriko hiru herrialdetako berriak.

Tira, hori hala izan da, baina ez beti. Esan nahi baita: bi hilabeteren buruan ikusi ahal izan dugu Euskal Herria zuzenean saioak ez duela eskaintzen, inondik inora ere, Iparraldearen Orena-k eskaintzen zuen informazio berdina. Dela Ipar Euskal Herriko berri bakarra sartzen dutelako, dela egun horretan —auskalo Gernikako azokari eskaintzen diotelako saioa, auskalo tarterik aurkitzen ez dutelako— Ipar Euskal Herriko berririk ez dutelako sartzen. Egun batzuetan, beraz, Euskal Telebistak ez du Ipar Euskal Herriko berririk ematen.

Eta berez larria den kontu batetik, hara: orain egun batzuk 24 orduko greba egin zuten France Televisions telebista erakunde publikoan. Eta, ondorioz, France3 Euskal herri albistegia ez zuten eman. Esan dezakegu: 2013ko azaroaren zazpian Ipar Euskal Herriko berri bakar bat pasa zen telebistan —Miarritzeko jatetxeetan menua 19 euroan finkatzen dutela—. Baina lasai, iritsiko da eguna: ez gurean, ez Frantziako telebistan, ez segur aski munduko beste edozein bazterretakotan, Ipar Euskal Herriko berririk emango ez dena.

Eta berez asmoa ez da txar-txarra ere. Azken batean Ipar Euskal Herriko berriak ETBren osotasunari atxikitzea, euskal telebista bati dagokion bezala —nahiz, lurralde bakoitzaren espezifikotasunari begira, tokiko albistegiak ere ez dauden soberan—. Baina ezin dena da bat kendu eta bestea ez egin. Aurrerapausorik eman ez eta gainera atzerapausoak ematen hastea. Euskal Herria zuzenean-ek bere konpromisoak betetzen ez dituenez, Euskal Telebistak Iparraldea bere baitara ekarri ez duenez, Iparraldearen orena eguneroko programaziora bueltatzea eskatu beste erremediorik ez dugu momentuz hemendik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.