Komunikazioa. Ekografiak

Ibilbide baten epilogoa

Aritz Galarraga -

2013ko martxoak 20
Arnaldo Otegiren txio batek jarri ninduen jakinaren gainean: «Gaur ETB2n, 22:30ean, Egigurenen Historias (sic) de un conspirador dokumentala ikusteko aukera izango dugu Logroñoko espetxean ere! Gomendagarria!». Eta dokumentala ikusi nuen, noski, diziplina zer den ondo ezagutzen duen militante bat naizenez —nahiz askok uste duen, ez dakit zergatik, EAJkoa naizela eta ez ezker abertzaleko lerro gogorrekoa. Edo alderantziz da? Jada ez naiz gogoratzen, berdin dio. Ni izango naiz, edozein modutara, EAJ eta ezker abertzalea uste baino gertuago daudelako froga bizia—.

Harira: Memorias de un conspirador dokumentala astelehen gauean, 60 minutos saioak behar zuen lekuan. Hara, Juan Carlos Etxeberriaren txioa: «Hoy cedemos nuestro espacio en prime time a un estupendo documental sobre Jesus Egiguren». «Gomendagarria», «primerakoa»; eta, nola esan, artefaktu artistiko gisa truñako bat zen dokumentala, baina testigantza historiko gisa balio handia zuen. Egiguren pertsonaia dagoeneko entrañable-a, gertukoa, familiako bat gehiago —hainbeste telebista saiotan agertu da azkenaldian, Bisitaria-n, Salvados-en— sakonago ezagutzeko aukera izan genuen. ETAkoekin izandako negoziazioez ahal zuena baino ez zuen kontatzen, baina pistaren bat edo beste eman zigun: adibidez Genevako egunetan lauzpabost aldiz ikusi omen zuen El mercader de Venecia filmak antzekotasun handiak zituela negoziazioekin. Kazetari politikook, badakizue, film horretan aurkituko duzue erantzun bat baino gehiago. Egiguren Bilintxen bertsoak kantatzen —tira, hitz egiteko modu bat da— ikusteak bakarrik dokumental osoa salbatzen zuen. Hori gutxi balitz, ordea, ondoren eman zuten De boca en boca saioan —eta ez nuen osorik ikusi, ezin izan dut inoiz jasan— Pernando Barrena berak ez zuen ezeztatu Egigurenen kontakizuna. Baina nekatuta ere ikusi zitzaion Egigureni, akaso gibela Thierryrekin hartutako Armagnac guztiek behar baino gehiago zigortua. Agur bat izan zen, azken batean, despedida bat. Ibilbide politiko baten epilogoa. Eta Otegiren gorazarrea ere bai, gaurko egoeraren gauzatzaile nagusi gisara.

Iazko Zinemalditik kanpo geratu zen lanetako bat da lana. Ea ETBk kanpo geratu ziren gainontzeko lanak ere, Barrura begiratzeko leihoak, adibidez, berandu baino lehen ematen dituen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna