Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Balinda

2013ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Izen gutxienez kurioso hori zuen saio hark, Kike Amonarriz estreinakoz telebistan ikusi nuenekoak. Alegiazko izena garai hartan niretzat, geroago jakin dut existitu existitzen zela, ez ziola egiten erreferentzia ez dakit nongo tribu galduri. Eta ez dut gogoratzen zehatz nondik nora zihoan saioa. Baina gogoratzen dut ez zela bereziki umorezkoa —besteak beste, aurkezleak Miren Azkarate eta Andoni Egaña zirelako agian—. Amonarrizi gero gogoratzen diot saio mitiko bat, Txiskola, nola lagun batzuek parte hartu zuten, diru pixar bat ateratzeko —garai hartako 15.000 pezeta—, artean 17 urte baino ez zituztela —eta konta dezaket orain, nik uste delitua dagoeneko preskribatu dela—. Ilaski Serranoren lehen oroitzapenak, ordea, telebistakoak baino, gehiago dira Bidasoa ertzeko herrietako bestetakoak, hainbeste destakatzen zuen gainontzekoengandik.

Beraz, memorian freskoen Mihiluze daukat: 2006tik gurean, etxekotuak jada, zortzi denboraldi, 1.117 saio, 2.400 lehiakidetik gora. Ea nork, Egiptoko piramideen garaiko Saber y ganar saioak aparte, berdindu dezakeen marka. Brometan ematen du ari garela, baina ez da. Eta ez da bakarrik telebista saioa, izan da mahai joko bat, izan da EHUko ikastaro bat, izan da hainbat txokotan errepikatutako jolas herrikoi bat. Eta izan da ETBk esportatu duen formatu bakarretakoa—bakarra?—: Bocamoll, TV3 katalanera. Izan da telebista saio bat baino gehiago. Eta izango da, seguru, gerora ere, ireki duelako bidea; nahiz gaur bukatuko den, behin betiko, telebista saioa.

Asko dira Mihiluze-ri egotzi zaizkion merituak: ingururik erdaldunenetara iritsi izana, adin gazteetako jendea erakarri izana, euskaldun berriek parte hartu izana. Baina, lehiaketak lehiaketa, hori guztiori nola lortu duen iruditzen zait niri nabarmengarriena. Motzean: eginez hizkuntza jostagarri. Hizkuntza erabilita, hizkuntza zukututa, hizkuntza itzulikatuta. Usatu, xeratu, mimoz bortxatuta. Ondo pasatzea eta hizkuntza zabaltzea, Xabier Mendigurenek Amonarrizi eskainitako panegiriko hartan dioen bezala, bateragarriak direla erakutsita. Eta susmoa hartzen diot ez dela izan beti samurra.

Irailera begira zerbait prestatzen ari omen da Amonarriz. Mihiluze-k erakutsi digu, beraz, hizkuntza jolasteko ere badela, posible dela. Irailetik aurrera ere posible izango da. Balinda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.