Begiz

Xiri

Ismael Manterola
2011ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Jende heldu asko dago arte ederrak ikasten. Batzuek, beste lanetan aritu arren, artea egitea bizitzako ilusioa zelako izena ematen dute fakultatean. Beste batzuek, berriz, bizitza guztia artea egiten pasatu dute, baina ez dute horri buruz era teorikoan gauza handirik ikasi, eta beren lanaren inguruko hausnarketa egiteko beharra sumatu ondoren sartzen dira unibertsitate ikasketetako abenturan.

Abentura da heldutasunean unibertsitate ikasketak egitea. Lan handia eskatzen du; burua beti ikasteko prest badago ere, zenbat eta helduago orduan eta gehiago kostatzen delako, eta finkatutako bizitza pribatuak, batez ere lanak baina baita familiak eta eguneroko errutinak ere, ikasketak egiteko trabak jartzen dituelako.

Horregatik, beti miretsi ditut lana, bestelako zereginak, eta ikasketak bateratzeko izugarrizko esfortzua egiten duten ikasle helduak. Horietako bat izan zen niretzat Mutrikuko Xiri Andonegi. Arte zaletasuna zuen norbait, artisau erara eskultura egiten zuen norbait, Arte Ederren fakultatean ikastera ausartu zena. Ez zen berarentzat erraza izango zama kontzeptual handia duen fakultatean moldatzea; esku trebetasuna baino gehiago, buru trebetasuna eta nazioarteko testuinguruko arte diskurtsoan sartuta dagoen fakultatean bizirik irautea. Baina beste askok bezala, Xirik ere egin zuen, Arte Ederretako ikasketak bukatu zituen, eta berriz ere Mutrikura, jaioterriaren babesera bueltatu zen.

Euskal Herria txikia da, baina askotan ez da erraza ikasle izan duzun norbait berriz ere topatzea. Horregatik, poz handia hartu nuen jakin nuenean Xirik Markinan egin behar zen eskultura baterako lehiaketa irabazi zuela. Xemeingo elizaren aurrean dagoen eskultura, Juan Antonio Mogelen omenez egindakoa da, eta, nire ustez, garai hartan (1998. urtea) egin zen eskultura publikorik interesgarrienetakoa.

Idazle bati egin diezaiokegun omenaldirik onena, idatzita laga zuena zabaltzea da, eta, horregatik, Xiriren harrizko hizkiek Mogelen testu ezagun bat betikotu dute: «Gurago dau otsuak/ Baso bizitzia iatekua/ Nekez billatu biarra/ Etxe-txakur katiaz/ Lotubaren eregu ta/ Ogi biguna baino».

Askatasunari eskainitako hitz hauek izan daitezela hil berria den Xirirentzat ere omenaldirik beroena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.