Komunikazioa. Ekografiak

Itzulera baten historia

Aritz Galarraga -

2013ko urriak 22
Hara, ETBko denboraldi berriak eman digun sorpresa atseginenetako bat, zalantza izpirik gabe, Sautrela desagerraraziaren itzulera izan da. Ez genuen esperantzarik, baina denborak erakutsi digu orduko ETBko programazio zuzendari Joselu Blancoren hitzak zuzenak zirela — «Sautrela ez da desagertu»—, eta gure usteak ustelak —«Sautrela behin betiko bukatu baitzen pasa den igandean»—. Eta egia da kendu zutenean, 2012ko apirilaren 15 urrun hartan, tira, bai, lantururen bat edo beste izan zela, orokorrean gauza gutxi; baina gauza gutxi hori ere ez da orain bozkario, alegrantzia, poz txiki bilakatu, orain berriz jarri dutela. Nik neuk, luze gabe, Gora Sautrela, beraz titulua jarri nion biharamuneko zutabe nekrologiko hari. Jakin izan banu, malko gutxi batzuk gordeko nituen, zer dakit, Capital cultura saioaren itzulera eskatzeko.

Sautrela itzuli da, beraz, baina ez dakit lanerako gogo handiarekin: lehen bi saioetan Gabriel Arestiri buruzko erreportaje bat berreskuratu dute, 2000. urtean saioa abiarazi zuten hartan eman zuten berbera. Makina berriz martxan jartzea kosta egiten dela —ikusiko baninduzue irailaren 1ean—, are urte eta erdi geldirik egon ondoren. Eta, ados, bekatu arina da edonola ere, erreportajeak poza merezi baitzuen: Koldo Izagirre eta abar Arestiren figura-obraren gainean berbetan. Joan den larunbateko saioarekin, gainera, hirugarrenarekin, itzuli ziren berriz sorkuntzara, Nobel saridunaren gaineko lan batekin.

Izan ere, formatua bere horretan mantentzen du Sautrela-k, erreportaje-elkarrizketa binomioan oinarrituta. Denboraldi berriko nobedade nagusia Beñat Sarasola da. Tira, Sarasola bera baino gehiago—begiratzen aritu naiz eta makina bat aldiz atera da aurretik, abonamendua balu bezala—, egiten duen liburu zaharren irakurketa berria, ariketa inondik ere ezinbestekoa. Eta saioari atal hori gehitu dioten bezala, nahiko nuke ez geratzea erreportaje-elkarrizketa-kritika arkeologiko trinomioan, saiatzea bestelako gauzekin ere, bere garaian Durangoko Azokaren aitzakian egin zuten mahai-inguruarekin saiatu ziren bezala —gero beste gauza bat da debate horiek nola aterako liratekeen, auskalo onberegiak; gero esaten dute bertsolariez—. Besteak beste, erakartzeko halaber jende profanoa. Urte eta erdi egon dira geldirik, baina seguru jarri direla horretara ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna