Behin-behineko irakasleak ari da hartzen Iribas, baina ordukako kontratuekin

Nafarroako Gobernuak 700 irakasle kanporatu ditu azken urteetan, eta 300 hartuko ditu orain, baina lanaldi mugatuan

Garikoitz Goikoetxea.
2013ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Estrategia aldatu du Nafarroako Gobernuak irakasleen kontratazioetan. Behin-behineko irakasle askoz ere gutxiago hartu ditu azken urteetan, 700 gutxiago, urtez urte posturen bat lortzen zutenak kanpoan utzita; postua zeukatenak lekuz aldatzera ere behartu ditu kasu batzuetan, ikastetxeek maisu-maistra gutxiagorekin segitzeko. Beste aukera baten alde egin du orain Jose Iribasen sailak: 300 bat kontratu egin ditu aurtengo ikasturterako, behin-behinekoak eta ordukakoak. Enplegua sortu duela, eskoletan irakasleak gehituko direla, azaldu du behin eta berriro kontseilariak. Sindikatuek ohartarazi dute, baina, ez dela kalitatezko enplegua izango. Enplegua «zatitu eta prekarizatu» egin dela ohartarazi du ELAk.

Nabarmenak izan dira murrizketak azken ikasturteetan Nafarroako ikastetxeetan. Eskola orduak gehitu dizkiete irakasleei, bestelako jardunetatik kenduta: tutoretzetatik, behar bereziak dituzten umeei kasu egiteko orduetatik... Gainera, ratioak handitu egin dituzte, ikasle gehiago pilatu geletan. Maisu-maistra gutxiagorekin funtzionatzeko modua jarri nahi izan du horrela Iribasek. Gobernuaren beraren datuek diote urte eta erdian 700 postu gutxiago daudela departamentuan: 9.132 zeuden iaz, eta 8.437 daude aurten.

Komunikabideetan jakinarazi zuen Iribasek berak langile gehiago hartuko zituela irailean. ELAk uste du «propaganda hutsa» izan dela hori, eta Iribasek egindakoa ezin dela lan banaketarekin lotu. Ohartarazi du azken urteetako mozketak ezkutatu nahi dituela.

Bi ordu eta erdiko kontratuak

Eskoletan ari dira nozitzen murrizketa horiek, eta hasi dira salaketak. Iruñeko Bernat Etxepare institutuko irakasleek ohartarazi dute Iribasek ez duela egia osoa esan kontratazioei buruz: «250 kontratu eginen direla esatean ez ditu aipatu kontratu motak. Bederatzi, lau eta bi ordu eta erdiko kontratuak sinatu dira azken egunetan». Mozketak areagotzen ari direla uste dute, eta nabarmendu dute ikasturtea ez dela «ohikoa» izango. Ingeles programak «inposatzea» ere salatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.