Udala «jazarri» egiten zaiola eta, Abadiñotik alde egitea erabaki du Topaguneak

Langileen arabera, azken hilabeteetan elkartearen aurka jardun da alkatea; urtarriletik, Durangon edukiko dute egoitza

Erredakzioa -

2012ko abenduak 23
Badoa Abadiñotik (Bizkaia) Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa. «Bota egin gaituzte», salatu dute ohar batean. Herriko udalarekin gorabeherak izan dituzte azken hilabeteetan. Egoitza daukaten etxeko auzokide batek ustez salaketa bat jarri ondotik hasi ziren arazoak, eta alkatea jo dute erantzuletzat: «Abadiñoko alkateak zuzendutako jazarpen baten biktima izan gara». Salatu dute administrazio trabak ugaritu egin dizkietela eta lantokia husteko agindu dietela. Sabotajeak ere izan dituzte egoitzan. Alde egitea erabaki du Topaguneak: hala, urte hasieratik, Durangon (Bizkaia) izango du egoitza.

2001etik egon da Abadiñon elkartea. «Gustura aritu gara lanean, inguruko auzotarrekin giro onean eta udalarekin inongo arazorik izan gabe». Enpresa batekin eta udalarekin akordio bat eginda joan zen Abadiñora Topagunea. Udaberrian, ordea, bizilagun batek kexu bat jarri zuen ustez udalean egoitzaren jarduna zela eta. Langileek azaldu dute salaketa horiek ez dizkietela erakutsi, ez dakitela zehazki zer salatu duten.

Neurriak hartzen hasi zen Topagunearen aurka alkatea, betiere elkarteak azaldutakoaren arabera: egoitzaren lagapena bertan behera utzi zuen —enpresarekin tratua zuzenean egin behar izan zuen elkarteak—, lan ordutegia mugarazi egin zien, geletan alfonbrak jartzera behartu zituen, eta «beste inori eskatzen ez zaizkion ingurumen agiri eta txostenak» eskatu zizkien. Salatu dute urriaren 25ean udaltzainak bidali zituztela bulegoa hutsaraztera eta hil honetan bertan dekretu bat igorri zietela hamar egunean lantokitik irteteko agintzen ziena.

Sabotajeak egoitzan

Presioa salatu dute, gainera. Ustez salaketa jarri duen pertsonak «presio jasanezina» egin diela eta azken bi hiletan sabotajeak izan dituztela egoitzako atean. Hori ikusita, Durangora joango dira: alkatearena «jazarpena onartezina» izan dela berretsi dute, eta hogei behargineko talde bat herritik joatea ekarri duela ohartarazi diote. Herritarrei eskerrak eman dizkiete emandako babesagatik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna