Errefuxiatuak, modu bikoitzean

Gero eta gehiago dira Libanon babesa eskatzen duten Siriako iheslari palestinarrak. Gatazkan neutral izaten saiatu dira, hala egin ez duten herrialdeetan zigortu izan dituztelako. Haiei eskainitako laguntza politizaturik dago.

Ane irazabal
Majdal Anjar
2012ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Alaba eta ilobak besarkatzen ditu Khalida Waked iheslari palestinarrak telebistan albisteak ikusten dituen bitartean. Libanora ihes egitea erabaki zuen duela hiru hilabete, eta Damaskoko Zamalka auzoan utzi zituen senarra eta suhia. Hiriburuko aldirietatik ez datoz berri onak. «Hasieran, senide batzuen etxean geratu ginen, baina ez zuten gu mantentzeko baliabide nahikorik. Ondoren, beste palestinar batzuen kontaktua lortu genuen, eta haiek ludoteka bateko logela bat utzi ziguten bertan gera gintezen». Wakeden ustez, elkartasun handia dago Libanoko eta Siriako errefuxiatu palestinarren artean. Ez da berdin gertatzen libanoarrekin. «Askok ez dakite hemen gaudenik ere», erantsi du.

Waked ez da adibide bakarra. Duela hamazazpi hilabete Baxar al-Assaden kontrako matxinada hasi zenetik, ehunka familiak alde egin dute Libanora. UNRAW Nazio Batuen Erakundeko Palestinar Errefuxiatuak Laguntzeko Agentzia Siriatik etorritako palestinarrak erregistratzen hasi da, baina ez du larrialdiko batzorderik eratu.

Nazio Batuen Erakundearen arabera, 500.000 palestinar iheslari inguru bizi dira Sirian. Oraindik, errefuxiatu palestinarrek ez dute ez alderdi baten ez bestearen alde egin, baina gatazkaren erdian daude. Neutraltasunari eustea gero eta zailagoa izaten ari da haientzat. Hain zuzen, Damaskoko Yarmouk errefuxiatuen kanpalekuan izandako erasoek alde egitera bultzatu ditu palestinar asko. Gune horretan lehen erasoa jasan zutenetik, etengabekoa izan da haien etorrera Libanon.

Mugari itsatsita dago Majdal Anjar herrixka, eta han zazpi familia palestinar daude. Gehienak udan iritsi dira. «Akatsetatik ikasi dugu. Beste herrialde batzuetako gerretan zigortu egin gintuzten jarrera politiko bat hartu izanagatik. Bakean bizi nahi dugu, ez dugu gehiago ihesian ibili nahi», adierazi du emakume palestinar batek. Bere sendiarekin eta beste hiru familiarekin, meskita bateko biltegian ezarri da.

Oztopoz oztopo

Beirutek politika malgua du Siriako iheslariak hartzeko. Siriarrak inolako tasarik ordaindu gabe sar daitezke Libanon, baita libanoarrak Sirian ere. Ez da berdin gertatzen errefuxiatu palestinarrekin. Wakedek hala azaltzen du: «Gutako bakoitzak hemezortzi dolar ordaindu behar izan zituen Siria uzteko, eta beste 30 dolar Libanon sartzeko». Palestinarrei astebeteko bisa ematen diete, eta gizabanako bakoitzak 33 dolar oraindu behar ditu Libanon geratzen den beste aste bakoitzeko.

«Hiru hilabete daramatzagu Libanon, atera kontuak. Siriara itzultzea nahiko bagenu ere, ezingo genuke ordaindu diru kantitate hori», adierazi du Wakedek. Nolanahi ere, giza eskubideen aldeko zenbait taldek egindako presioaren ondorioz, Libanoko segurtasun ofizialek mugetako irteera tasa «barkatzeko» agindua eman zuten iragan astean. Baina soilik urrian. Siriara bueltatzeko nahia erakutsi dute palestinar askok azkenaldian, eta nahikoa diru izan gabe Libanon «harrapaturik» zeudela salatu dute.

Halere, Libanoko mugako Poliziak Siriako palestinarrei sarbidea debekatu ohi die, ostatu emango dien senitartekorik edo lagunik ez baldin badute. «Kontakturik izan gabe oso zaila da sartzea. Denak gara errefuxiatuak, baina gurekin arrisku bat bagina bezala jokatzen dute, herrialdearen oreka apurtuko bagenu bezala. Gurekin duten jarrera nazkagarria iruditzen zait», salatu du Wakedek.

Laguntza zirkuitutik at

Palestinarrentzako kultura zentro bat du Abdallah Kamel ekintzaileak Bekaa haranean. Baina azken hilabeteetan harrera gune bat bilakatu da Siriatik iritsi berri diren errefuxiatu palestinarrei laguntzeko. Kamelen iritziz, inork ez die eskua luzatu. «Ate guztiak jo ditugu: UNRAW, gobernuz kanpoko erakundeak eta Palestina Askatzeko Erakundea. Inorentzat ez da lehentasun bat. Ilargi Gorriak eta talde txikiek soilik eskaini digute laguntza».

Kamelek eta harekin lan egiten duten boluntarioek palestinarrekiko bazterkeria salatu dute, eta haiek jasotzen duten tratua auzi politikoa dela irizten diote: «Bekaan 30 GKE daude iheslari siriarrei laguntza eskaintzen dietenak. Zergatik ez dute Siriatik etorritako palestinarrek tratu bera jasotzen?», galdetu du Kamelek.

Kritika gehienen miranUNRAW dago, baina agentziak dio baduela eraginkortasun falta justifikatzeko pisuzko arrazoi bat: aurrekonturik eza. «Erregistratzera joan nintzenean argi esan zidaten ez zutela dirurik Libanoko errefuxiatu palestinarrak ez zirenei laguntzeko», nabarmendu du Wakedek.

Azalpen horrek, hala ere, ez ditu giza eskubideen aldeko ekintzaileak konbentzitzen. Kamelek hala ikusten du: «Eraginkortasunik ezak borondate falta ezkutatzen du. Finean, Nazio Batuen agentzia bat da UNRAW, eta jarduteko baliabide gehiago lortzea ez litzaioke hain zaila egin behar».

Beirutera iritsi diren iheslari palestinarrek ere egoera bertsua dute. Ostera, gaindituta dauden errefuxiatuen kanpalekuetan ezarri dira gehienak. Xatillak 60 familia palestinar jaso ditu azken hilabeteetan. «Senitartekoek ematen dizkiguten laguntzengatik bizi gara, baina haientzat ere ez da erraza, Libanon jasaten duten bereizketa dela eta», adierazi du Yasser ezizena erabiltzen duen gizonezko batek. Gela txiki batean bizi da, emaztearekin eta lau seme-alabarekin. Alokairua ordaintzeko gai ez denez, familiarekin Siriara itzultzea pentsatu du: «Ez dugu inolako babesik, ezta laguntzarik ere. Ezin naiz osabak emandako sostengu ekonomikotik bizi. Han gerra daukagu; hemen gosea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.