Albistea entzun

Jaiak. Atarrabia

Bederatzi egun jaiez gozatzeko Atarrabian

Bihar botako dute festei hasiera emateko etxafuegoa. Urriaren 12ra bitarte, hamaika ekintza antolatu dituzte jaietan ez aspertzeko
Mikelats dantza taldekoek jaurtiko dute suziria.
Mikelats dantza taldekoek jaurtiko dute suziria. BERRIA

Irene Arrizurieta -

2014ko urriak 3 - Iruñea

Herriko jaiak bukatu ondotik amaitzen omen da uda atarrabiarrentzat. Beraz, oraindik badute udaz eta festez gozatzeko aukera. Negua hasi aurretik Iruñerrian ospatzen diren azken jaiak hasiko dituzte bihar, Atarrabian (Nafarroa). Festa luzeak, gainera. Bihar hasi eta heldu den igandera arte, bederatzi egunez, festan murgilduko da herria. Krisi ekonomikoa tarteko, joan den urtean baino aurrekontu txikiagoa izan du aurten udalak festak antolatzeko, baina eutsi egin diote ekitaldi kopuruari.

Eguerdiko hamabietan Mikelats dantza taldeak piztuko du festak iragartzen dituen suziria. Hogei urte bete ditu taldeak aurten. Bi hamarkada hauetan herrian euskal kultura eta dantzak sustatzen egin duen lanagatik, suziria botatzeko ohorea eman dio udalak Mikelats dantza taldeari. Suziria nork botako duen erabaki ez duten arren, taldeak prestatua du ustekabe bat festen hasiera iragarri ondorenerako; ez dute aitortu nahi izan, ordea.

Azken hogei urteetan egiten duten moduan, suziria bota eta gero dantza emanaldia eginen dute udal plazan, baina ez dute zer dantzatuko duten aurreratu nahi izan. Udalak uzten dien Gaztelekuaren egoitzan bi ordu entseatzen ari dira biharko sorpresa prest izateko. «Festetako lehen saioa guri dagokigu. Ezustekoren bat egonen da», aurreratu du Aitor Fernandez Mikelats taldeko presidenteak. Taldea 45 dantzarik osatzen dute. 1994an herriko gazte batzuek sortu zutenetik, euskal dantzetan egindako lanean ez du etenik izan. Biharko eguna dela- eta urduri daude, baina pozik. «Suziria botatzea ohore handia da, eta gogoz gaude». Belaunaldi aldaketa ere ziurtatuta dagoela dio Fernandezek. «Harrobi nahiko handia dugu. Berriki hamasei neska berri sartu dira taldean».

Mikelats taldekoen dantzaldiaren ondotik, jai luzeak dituzte aurretik atarrabiarrek. «Oso jai luzeak dira. Bi asteburu ditugu aurretik», dio Mikel Oteiza Kultura eta Jaietarako zinegotziak.

Festak, ingurumena zainduz

Krisi garaiotan udalak ez du diru askorik, eta iaz baino 2.000 euro gutxiago gastatuko ditu jaietan; iaz, 76.000 euroko aurrekontua izan zuten, eta, aurten, 74.000 eurokoa dute. «Halere, iaz bezala, 87 ekitaldi mantentzea lortu dugu». Herritarren parte hartzea goraipatu du Oteizak. «Herriko elkarteen parte hartzea handia da, eta denek egiten dute zerbait festetan denetarik eta adin guztietarako izan dadin».

Jaiak giro onean eta ingurumena zainduz pasatzeko neurriak ere hartu ditu udalak. Lehenik, eraso sexisten aurka adi egoteko gomendioa egin du, eta eraso sexisten aurkako zapi bat kaleratu du, Eraso sexisten aurrean, prest! leloarekin. Bigarrenik, jaiak denontzat direla gogoratu du, eta herritar orori ongi pasatzeko deia egin die. Hirugarrenik, txosnetan egiten den moduan, tabernariekin elkarlanean, plastikozko 3.000 edalontzi erabilgarri erosi ditu udalak gero tabernarien artean banatzeko. Horrela, festazale bakoitza berea hartu eta harekin ibil daitekeelako jaietan.

Aurreko urteetan bezala, musika noiznahi izanen da, eta haurrentzako hainbat ekitaldi izanen dira. Pilotazaleentzat pilota partida profesionalak antolatu ditu Aspe enpresak heldu den astearterako. Martinez de Irujo-Tolosa bikotea Ezkurdia-Rezustaren kontra ariko da Martiket kiroldegian.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Erremontea gertutik

Erremontean ikasten

Urtzi Urkizu

BERRIAlagun batzuek erremonte tailer bat egin dute Hernaniko Galarreta pilotalekuan. Kirola probatzeko aukera ere izan dute, Endika Barrenetxea maisu zutela.
 ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Institutu bat gizartea bera da, baina eskala txikian»

Iker Tubia

Irakaskuntza «esker oneko» lana izan da Mangadorentzat, eta zuzendari aritu zen urte luzez. Antolatzea eta irakastea maite ditu, baita ikastetxeetatik kanpo ere. Erretiroa hartu ondotik, zaletasunei eutsi zien: euskara, irakaskuntza eta tradizioak.
Barbara Farre eta Joana eta Mireia Vilapuig, martxoaren 29an, Donostian. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Bi ahizpa aktoreren autofikzio bat

Urtzi Urkizu

Filminek 'Selftape' telesaila estreinatuko du etzi. Joana eta Mireia Vilapuigek beren bizipenetan oinarrituta sortu dute fikzioa

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.