Otamendiren salaketaren epaia gaur zortzi aterako du Estrasburgok

Giza eskubideen Auzitegiak iaz onartu zuen eskaera, eta hurrengo asteartean kaleratuko du epaia

Erredakzioa
2012ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak ohar bidez jakinarazi du Martxelo Otamendi Euskaldunon Egunkaria-ko zuzendari ohiaren eta BERRIAko zuzendariaren tortura salaketaren inguruko epaia urriaren 16an kaleratuko duela, gaur zortzi. Behin Espainiako Justizian bide guztia amaitu ondotik, Otamendik 2008an Estrasburgoko Auzitegira jo zuen, Egunkaria auziko operazioan Guardia Zibilaren esku atxilotuta egon zenean jasandako torturak eraginkortasunez ez ikertu izana argudiatuta. Iazko irailean onartu egin zuen Giza Eskubideen Auzitegiak eskaera, etaepaia datorren astean kaleratuko du.

Bere eskaeran, Otamendik Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenaren 3. artikulua urratu izana egozten dio Espainiari. Giza Eskubideen Auzitegiaren arabera, tortura kasuetan ikerketa eraginkortasunez egitera behartuta daude estatuak. Argudiatzerakoan, Iñigo Iruin abokatuak Aritz Beristain eta Mikel San Argimiroren kasuak hartu ditu erreferentzia gisa, bietan auzitegiak ikertzeko betebeharra urratu zela baieztatu zuelako Estrasburgok.

Iaz, Estatuaren abokatuari urtebeteko epea eman zion, eta legelariak urtarrilean aurkeztu zituen alegazioak. Ukatu egin zuen tratu txarrak egon zirela, eta argudiatu zuen ezin dela esan «salaketa ikertzeko betebeharraren omisiorik egon denik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.