Gerizpean

Hiribilduen ospakizuna

Nabarreria, San Zernin eta San Nikolas hiribilduen batzea gogoratzeko ekintzak egingo dituzte Iruñean

Goizeko hamaiketan aterako da Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Lohizune Amatria.
Iruñea
2012ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Iruñea hiru hiribildutan banatuta zegoen duela 589 urte. Nabarreria, San Zernin eta San Nikolas hiribilduek osatzen zuten, baina 1423ko irailaren 8an, Karlos III.aren aginduz, hiria elkartu egin zen. Bateratze Pribilegioaren bitartez amaitu zen hiru hiribilduen arteko liskarra.

Geroztik, gaurko eguna garrantzitsua da Iruñean, eta urterohainbat ekintza prestatzen dituzte. Aurten, goizean hasiko da ospakizuna. Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa 11:00etan abiatuko da, gaitero eta txistulariez lagunduta. Hiriko zenbait kale zeharkatu ondoren, Udaletxeko plazara iritsiko da, eta, bertan, dantzariekin elkartuko da. Arratsaldean, kontzertua izango da Gazteluko plazan. La Pamplonesak eskainiko du, 20:00etan.

Udaletxeak prestatutako ekintzez gain, Alde Zaharreko Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzu Elkarteak antolatutakoak ere izango dira. Ekintzak antolatzen dituzten bigarren urtea da, eta, iaz bezala, Erdi Aroko ezkutuekin apaindu dituzte dendak. Merkataritza bultzatzeko txanpon bereziak prestatu dituzte aurten. Bost euroko balioa dute, eta deskontu gisa erabili ahalko dira Alde Zaharreko dendetan.

Gaurko ekintza nagusia Erdi Aroko azoka izango da. Urtero bezala, Iruñeko Alde Zaharreko kale eta plazetan izango dira postuak, eta aurten, gainera, Pizkundeko eta Erdi Aroko musika ere egongo da. Udaletxea ezagutzeko bisita gidatuak ere antolatu dituzte. Bihar izango da azkeneko eguna, eta beharrezkoa da aurretik izena ematea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.