Foru gobernuen osaketa

Ramon Jauregik ilegalizazio aukera aipatu du berriro

Anjel Gabilondo ministroak, aldiz, zilegitasuna aitortu dio Bildu koalizioak Gipuzkoan agintzeari

Erredakzioa
2011ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Bildu koalizioa lanean hasi aurretik ere, badira haren jarduerari buruzko mesfidantzak. Espainiako Presidentetzako ministro Ramon Jauregik abisua eman du dagoeneko: «Izan liteke indarkeriaren amaiera, baina, engainua bada, Estatuak koalizioa geldiarazi egin beharko du».

Jauregiren ustez, Bildu Gipuzkoako Aldundiko gobernura heltzeak politikarako bidean indarkeria desagertzen ari dela frogatuko luke. Gainera, haren hitzetan, azken 40 urteetako «orrialde beltza» adierazpen politiko batek amaitu behar luke.

Baina nahiko zalantza azaldu du, hala ere, Jauregik, gustatu ez zaizkion «joera eta adierazpen ugari» ikusi baitizkio Bilduri dagoeneko.

Dena den, onartu du ordezkaritza hori zilegi dela, «justiziak aukera legal moduan onartu dituenez eta ordezkaritza eman dioten botoak jaso dituenez», baina betiere «legearen mugen barruan» eramaten bada.

Koalizioa indarkeriari lotuko balitzaio, «beste behin engainatuta sentitu beharko genuke» Jauregiren hitzetan, eta «logikoa» izango litzateke, Bildu legez kanpo uztea.

Beraz, gogora ekarri du indarkeria itzuliko balitz eta Bilduk biolentzia gaitzetsiko ez balu edo, besterik gabe, «terrorearen osagarri» bihurtuko balitz, Estatuak neurriak hartu beharko lituzkeela. Neurri horiekin «bakearen alde egiten ez duen gobernu bat» geldiarazi beharko litzatekeela iritzi dio Jauregik.

Pozik agertu da Andoaingo alkatearen erabakiarekin, bizkartzainen kontua eztabaidatzeko prest agertu dela eta. Hala ere, argi utzi du Karrerek ez zuela sekula zalantzan jarri behar zinegotzi horien «ordezkaritza betetzea ahalbidetzen dien» bizkartzainen premia. Ohartarazi du arazoa horrela konpondu ez balitz Estatuak esku hartuko zuela: «Ezingo ginateke begira geratu».

Konfiantza boto bat

Presidentetzako ministroaren zalantzak gorabehera, Bilduk botoa eman dion jendearen babesa du, baita Angel Gabilondo Espainiako Hezkuntza ministroarena ere.

Gabilondok argi azaldu du jendeak nahi izan duelako dagoela Bildu instituzioetan, eta, ondorioz, guztiz zilegi dela haren gobernua.

«ETAk oraindik armak guztiz utzi ez baditu ere, bide horretan doaz pausoak», iritzi dio. Gainera, azpimarratu du Bildu foru aldundian egotea aberasgarri izan daitekeela, «gizarte plural honetan dauden ahots guztiak aditzera emateko» gaitasuna baitu koalizioak, haren ustez.

Mesfidantzazko mezuei dagokienez, esan du kezka hori oso zuzena ez dela, eta «egiarako garaia» iritsi dela. «Egia da asko borrokatu eta saiatu ginela armen uzteak instituzioetara bueltatzea ere ekar zezan; bada, hortxe dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.