Edu Lartzanguren. BERRIA egunkariko kazetaria

«Asko gozatzen dut elkarrizketa laburrak egiten»

ainara arratibel gascon
Usurbil
2013ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Prentsa idatziko Argia saria jaso du Edu Lartzanguren BERRIAko kazetariak, egunero Agenda sailean egiten dituen elkarrizketa laburrengatik. Lankideei eta elkarrizketatuei eskaini die saria: «Oso pozik nago», aitortu du.

Nola jaso duzu saria?

Oso pozik. Bost urte daramatzat elkarrizketak egiten [urte hauetan 600 lagun inguru elkarrizketatu ditu], eta horrek bere aitorpena baduela ikusteak sekulako poza ematen du.

Lankideei eta elkarrizketatuei eskaini diezu saria.

Bai. Nik galderak besterik ez dut egiten. Benetako protagonistak sortzaileak dira: musikariak, hitzaldiak ematen dituztenak, dantzariak... Haiek elikatzen dituzte elkarrizketak. Haien iritziak eta ekarpenak dira benetan interesa sortzen dutenak. Eta urte hauetan ere lankide izan ditudanak gogoan eduki nahi izan ditut.

Erraza izaten al da elkarrizketatuak aukeratzea?

Bai eta ez. Bai, elkarrizketak beti egon behar duelako lotuta hurrengo egunean egingo den ekitaldi batekin. Beraz, horrek markatzen dizu zein aukera dituzun. Eta ez, aipatu dudan horregatik, kasu batzuetan ezin duzulako nahiko zenukeen pertsona hori elkarrizketatu. Baina bien artean oreka bat bilatzen saiatzen naiz. Joko polita da.

Elkarrizketa laburrak dira egiten dituzunak, 4-5 galderatakoak. Nola lortzen da galdera kopuru horrekin elkarrizketatuei zerbait interesgarria ateratzea?

Nik beti esaten dut pertsona bati lau-bost galderatan ez badiozu zerbait interesgarria ateratzen, ez diozula hamar galderatan aterako. Gustatuko litzaidake elkarrizketa luzeagoak egitea, baina horiek beste mota batekoak izango lirateke. Orain egiten ditudanekin asko gozatzen dut. Jende interesgarri asko ezagutzeko aukera ematen dit.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.