Bilduri egotzi diote hondakinez «datu faltsuak» ematea

PSE-EEk kritika egin dio; elkarlana sustatu nahi du koalizioak Gipuzkoako hondakinen estrategia integralerako

urtzi urkizu
Donostia
2013ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Zubietako errauste planta egiteko proiektua bertan behera uzteko azken pausoa eman zuten herenegun, Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak obra egitekoa zuten enpresei zortzi milioi euro ematearen truke. Asteazkeneko lehen erantzunen ostean, erabakiari buruzko adierazpenak egin zituzten atzo alderdi politikoek. PSE-EEk «datu faltsuak» zabaltzea leporatu dio Bilduri. Denis Itxaso PSE-EEko ingurumen arduradunak datuen inguruko bere irakurketa egin du: «13,2 milioi euro kostatuko zaie gipuzkoarrei errauste plantaren proiektua bertan behera uztea, eta ez 8,2 milioi». Iñaki Errazkin Gipuzkoako ingurumen diputatuari «gardentasun» eta «zintzotasun» falta leporatu dio Itxasok, datuekin «makillatze lana» egin duelako. PSE-EEko kidearen arabera, Bilduko ordezkariek enpresei beste gastu batzuk ordaintzea adostu dute. Zubietako hondakinak kudeatzeko zentroaren proiektua idazteak bost milioi euro inguruko kostua izan duela esan du Itxasok. «Interesengatik beste 2,5 milioi euro ordaindu beharko dira».

Gipuzkoako EAJko bozeramaile Maria Eugenia Arrizabalagak, berriz, «diru publikoa alferrik galtzea» leporatu dio Bilduri, «herritarren arazoak konpondu gabe utzita». EAJko batzarkidearen iritziz, Bilduk egin duen gauza bakarra «hondakinen kudeaketa konpontzen ez duen bilketa sistema bat inposatzea» izan da. «Ezker abertzaleak ez du entzuten, ez du errespetatzen, eta Batzar Nagusien erabakiak mespretxatzen ditu». Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburu Ana Oregik «arduraz jokatzeko» eskatu dio Bilduren gobernuari: «Kezkatuta gaude, oraindik ez dagoelako zehaztuta Gipuzkoan hondakinak nola kudeatuko diren. Errauste plantaren proiektua bertan behera utzi ostean, ez dugu alternatibarik ikusten».

EH Bilduk oso bestelako irakurketa egin du Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoaren eta enpresen arteko akordioaz. Alde Batetik, herritarrak zoriondu ditu, errausketa plantaren «mehatxua» desagertu delako. «Mehatxua hamar urtean baino gehiagoan egon da gure lurraldean, baina esan daiteke Zubietako errauste planta historia dela». EH Bilduri botoa eman zioten edo errauste plantaren proiektua gelditzearen alde lan egin zuten herritarren «garaipena» ere badela esan du koalizioak. EH Bilduk birziklatzea eta berrerabiltzea bultzatu nahi ditu. «Zaborrak gaika biltzearen alde egiten dugu apustu, eta gaur egun erabiltzen diren sistemak aztertuko ditugu, emaitza onenak ematen dituen eredua aukeratzeko». Koalizioak adierazi du prest dagoela hondakinen estrategia integrala diseinatu eta garatzeko elkarlanean aritzeko. «Izan ere, errauste plantarik gabeko jokaleku berri honetan, denon ekarpena eta denon ahalegina ezinbestekoak dira soluziobideak topatzeko».

LABek «oso positibotzat» jodu errauste plantaren proiektuaalde batera utzi izana. Eguzkik esan du akordioa «osasungarria, desiragarria eta merkea» dela.Gipuzkoako Errausketaren Aurkako Plataformen Koordinakundeak, berriz, adierazi du kontratuak eteteko ordaindu beharreko «dirutza publikoa» aurreztu ahal izango zela, «kontratuak sinatu zituztenen —EAJ, PSE-PP— ustetxarragatik izan ez balitz». Koordinakundeak uste du «pozteko unea» dela. «Baina ezin gara zoriontasunean geratu, errausketaren aurka ginenok zabortegien aurka ere bai baikaude». Gogorarazi du Europako Parlamentuak zabortegiak debekatzea eskatu zuela iaz. Eta hondakin baztergarriak ia erabat ezabatzeko beharra bilatzen duen proiektuarekin bat egiteko eskatu die koordinakundeak alderdi politikoei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.