Bayern Munich 4. Bartzelona 0

Londres, maiatzak 26

Bayernen ahal fisiko eta erritmoa gehiegi izan dira Bartzelonarentzat, eta Txapeldunen Ligako finalean dago ia-ia

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2013ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Bayern Munich. Neuer, Lahm, Dante, Boateng, Alaba, Javi Martinez, Schweinsteiger, Robben, Mueller (Pizarro, 82. min), Ribery (Shaquiri, 88. min) eta Mario Gomez (Gustavo, 70. min.).

Bartzelona. Valdes; Alves, Bartra, Pique, Alba; Xavi, Busquets, Iniesta; Pedro (Villa, 82. min), Messi eta Alexis Sanchez.

Golak. 1-0. Muellerrek (24. min); 2-0. Gomezek (47. min); 3-0. Robbenek (72. min); 4-0. Muellerrek (81. min).

Epailea. Viktor Kassai. Txartel horiak: Bayern Municheko Gomez, Martinez eta Schweinsteigerri; eta Bartzelonako Bartra, Alexis eta Albari.

Bestelakoak. 65.000 ikusle inguru Municheko Allianz Arena estadioan.

Mailua da Bayern Munich. Are gehiago etxean. Talde handia, Txapeldunen Ligaren palmaresaren atea jotzen urteak daramatzana. Bi aldiz galdu finala hiru azken urteetan eta aurten berriz ere kopa handia irabazteko lehian egongo da, bere historiako bosgarrena. Bartzelona zanpatu zuen atzo, eta ondo merezita irabazi. Fisikoki gehiago izan zen, presioan zein geldikako jokaldietan, eta behar izan zuenean kontraerasoa ere baliatu zuen. Epaileek ere mailuak erabiltzen dituzte, bai behintzat auzitegietan, eta atzokoan epaileak ere mailuaren alde egin zuen. Bigarren gola jokoz kanpo sartu zuten etxekoek, eta hirugarrena falta garbi baten ondoren. Baina ez zuten epailearengatik irabazi, eta Municheko zaleak honezkero maiatzaren 25ean Londresera joateko hegaldia erreserbatzen joan daitezke.

Bayernek erakustaldia eman bazuen, Bartzelona ezinean ibili zen. Miraria baino gehiago beharko du maiatzaren 1eko itzulerako partidan kanporaketari buelta emateko. Ez zuen harresi bavariarra botatzen asmatu, eta presioan ito zen. Messik jokatu zuen, baina bere sasoi onenetik oso urrun dago. Hasieratik ikusi zen gainera Bayern gehiago izango zela. Lehen zatian aukera hobeak izan zituen, eta Muellerren golak justizia egin zuen (24. min). Erdiraketa baten ondoren Dantek buruz loratu zuen baloia area barruan eta aurrelariak, berriz buruz eta bigarren zutoinean bakarrik, sareetara bidali zuen.

Bartzelonak erraztasun asko eman zituen atze aldean, buruz bereziki. Bayernek, aldiz, luftwaffe-a (Alemaniako aire armada) zirudien. Bigarren zatiko lehen minutuan Mueller izan zen area barruan korner bat buruz jo eta Gomezi pasea eman ziona. Aurrelariak bolea bortitzez bidali zuen baloia sareetara ate aurrean. Goleatzailea jokoz kanpo zegoen.

Bartzelona jota zegoen, baina hala ere erasora egin zuen. Bayernek itxaron egin zuen, kontraerasoan zauria handitzeko asmoz. Bi aldiz lortu zuen, mailua berriz ere. Lehena, Robbenek (72. min.), Muellerrek Albari eginiko falta garbia baliatuz —saskibaloi blokeoa egin zion area barruan—; eta bigarrena, Muellerrek jokaldi landu baten ondoren (81. min). Bartzelona garaikidea gauza handiak egitera ohituta dago, baina erronka hau zailegia da.

Borussia-Real Madril, gaur

Gaur, berriz, Borussia Dortmundek eta Real Madrilek jokatuko dute Txapeldunen Ligako finalerdietako beste joanekoa, Alemanian (20:45). Hautsak harrotuta dabiltza azken egunotan Dortmunden, Mario Goetze etxekoen izarra Bayernek datorren denboraldirako fitxatu duela jakin baita. Ez da unerik aproposena Borussiako jokalari bat Alemaniako talde garrantzitsuenera joango dela jakiteko, eta kluba «jokalariarekin etsita» dagoela esan du. Egoerari aurre egiten jakin beharko du Juergen Kloppen taldeak.

Real Madril, aldiz, indartsu iritsiko da. Europako lehiaketan maila ematen ari da Jose Mourinhoren taldea, eta finalean sartzeko hautagai sendoa. Espainiako liga irabazteko ia aukerarik gabe, Txapeldunen Liga da begiz jota duen lehiaketa. Denboraldi honetan obsesioa bilakatu da. Europako txapeldun izan nahi dute hamargarren aldiz, eta hori lortu ezean, Madril aldean ez da giro izango. Hori lortzeko, ordea, lehenengo, Borussia kanporatu beharko du. Ligaxkan elkar ikusi zuten: Alemanian irabazi egin zuen Borussiak (2-1), eta Espainian bina berdindu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.