Bartzelona 0. Bayern Munich 3

Mirariaren ordez, zigorra

Bayern Munich sailkatu da Txapeldunen Ligako finalerako, eta hirugarrenez jokatuko du lau urtean

Donostia
2013ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Bartzelona. Valdes, Alves, Bartra (Montoya, 86.min), Pique, Adriano; Xavi (Alexis, 55.min), Song, Iniesta (Thiago, 64.min); Pedro, Cesc; eta Villa.

Bayern Munich. Neuer, Lahm (Rafinha 76.min), Boateng, Van Buyten, Alaba; Javi Martinez (Tymoshchuk 78.min), Schweinsteiger (Luis Gustavo, 67.min), Robben; Mueller, Ribery; eta Mandzukic.

Golak. 0-1. Robben (47. min.); 0-2. Piquek (b.a.71. min.); 0-3. Mueller (76. min.) .

Epailea. Damir Skomina (Eslovenia). Txartel horia Bartzelonako Alvesi (44. min) eta Piqueri (78.min); eta Bayerneko Robbeni (31.min).

Bestelakoak. 95.877 ikusle Bartzelonako Nou Camp estadioan.

Alemaniako futbolak Europa hartu du. Herenegun Borussia Dortmund izan zen Txapeldunen Ligako finalerako txartela lortu zuen lehen taldea, eta atzo berriz, Bayern Munichen txanda izan zen. Jupp Heynckesen taldeak Bartzelona zuen parean, Txapeldunen Ligako finalerdietako joaneko 4-0ekoa irauliko zuen mirariaren bila. Mirari hori baina, zailegia zen. Are gehiago Messik jokatzen ez badu. Argentinarra ez da guztiz osatu, eta Tito Vilanovak aulkian utzi zuen. Nabaritu zuen bai, arkakusoaren hutsunea. Bartzelona kamuts aritu zen erasoan, eta Bayern une oro kontrolpean izan zuen partida. Bayernek eta Borussia Dortmundek jokatuko dute, beraz, aurtengo Txapeldunen Ligako finala, hilaren 25ean Londresko Wembley estadio mitikoan.

Partidaren hasieran Bartzelonak soinean zuen tentsioa nabaritu zuen. Ez zen ongi hasi, batez ere zelai erdian ez zegoelako eroso. Songi lekua aurkitzea kosta zitzaion, eta Iniesta desagertuta zebilen. Baloia hara eta hona mugitzen zuten, baina apenas zegoen zirrikiturik horma alemaniarrean. Bayernek, berriz, argi zuen ideia: baloia berreskuratu, eta kontraerasoa antolatu. Eta, nola gainera. Jupp Heynckesen taldeak lehen ordu laurdenerako Bartzelonako atzelariak larrituta zituen Robbenek eta Riberyk beraien hegaletan egiten ari ziren barnealdiekin. Bartra gaztearen urduritasuna ongi baliatu zuten biek. Joaneko partidan bezala, atzelariaren eskarmentu faltak Bayerni erasorako ateak ireki zizkion eta.

Apurka-apurka Bartzelona zelai erdia menperatzen hasi zen, baina ez zuen aukera garbirik sortzen. Lerro sendoa du atze aldean Bayernek, ongi hornitua. Hori ikusirik, area kanpotik saiatu behar zela pentsatu zuen Pedrok 23. minutuan, baina Neuerrek denbora sobera eduki zuen baloiaren norabidea desbideratzeko. Bartzelonaren minuturik onenak ziren. Izan ere, Xavik 26.ean bolea argi bat eduki zuen Neuerren aurrean, eta atsedenaldira iritsi aurretik, 39. minutuan, Adriano ere area kanpotik saiatu zen.

Bayern eroso, bigarren zatian

Bigarren zatiak ildo beretik hasiko zela zirudien, baina bi minutuetara Robbenek hain gustuko duen jokaldia egin, eta baloia sareetara bidali zuen (47. min.). Eskuin hegaletik baloi luzea jaso zuen, eta barnealdera sartu ondoren, gol bikaina egin zuen. Camp Nou mutu geratu zen, eta etxeko jokalariak burumakur.

Hortik aurrera, Bartzelonak bihotzarekin jokatu zuen buruarekin baino gehiago. Bayern azken denboraldietako Bartzelona magiko hura zirudien. Jabetza luzeak mantentzen zituzten, eta ohikoa izan ez arren, Bartzelonako jokalariak noraezean zebiltzan. Kontraeraso berri batean egin zuen Bayernek bigarrena. Kasu horretan, ordea, Piquek bere atean sartu zuen Riberyren erdiraketa (71.min.). Alemaniako taldeak Camp Nou hartu zuen; ez zen, baina, 0-2koarekin amaituko konkista. Bigarrena sartu eta bost minutuetara, Riberyk berriro ere ezker hegaletik erdiraketa zehatz bat atera, eta Mueller agertu zen, Adriano eta Bartraren artean, buruarekin hirugarren gola sartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.