Caja Laboral Baskonia 84. Valladolid 80

Ez da tramitea izan

Caja Laboralek azken minutuetako lanari esker irabazi du, eta aldeari eusten dio ACBko sailkapenean

Imanol Magro Eizmendi.
2013ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Caja Laboral Baskonia. Cook (5), Causeur (11), San Emeterio (9), M. Bjelica (9), Pleiss (8) —hasierako bostekoa— Heurtel (8), Jelinek (5), Nocioni (13), N. Bjelica (8) eta Lampe (8).

Blancos Rueda Valladolid. Cizauskas (5), Navarro, Grimau (8), Martin (26), Sinanovic (7) —hasierako bostekoa— Porta (10), Montañez (9), O'Leary (12) eta Ruiz (3).

Markagailua. 23-18, 48-42 (atsedenaldian); 61-60 eta 84-80.

Epaileak. Arteaga, Castillo eta Cardus. Baskoniako Pleiss kanporatu zuten faltengatik.

Bestelakoak. 7.826 ikusle inguru Buesa Arenan.

Emaitzaz haratago, inork ez du gogoratuko atzoko partida. CSKAren aurkako kanporaketa jokatu aurretik distira handirik gabe irabazitako partida hura izango da zaleen oroitzapenean. Tramite bat zirudien, Euroligako egutegian traban zegoen zerbait, baina ez zen erosoa izan. Valladolidek Caja Laboral estu hartu zuen atzo, eta etxekoek azken minutuetan baino ez zuten lortu euren agintea inposatzea. Garaipen garrantzitsua da gainera, Baskoniak bigarren postuan jarraitzen duelako, eta Bartzelonarekiko bi garaipeneko aldearekin.

Valladolid Baskoniaren nekearen jakitun zen, eta partida fisikoa bilatu zuen. Hasieran ez zuen lortu, lehen minutuetan etxekoek abantaila polita lortu zutelako (21-9, 7. min). Kanpokoek, baina, ez zuen arratsalde gozorik nahi, eta intentsitatea igo zuten. Nacho Martin nabarmendu zen bereziki (26 puntu). Lagun Aroko jokalari ohiak curriculum dotorea utzi zuen Gasteizen, azken egunetako zurrumurruak elikatuz.

Zan Tabakek ondo banatu zituen minutuak, eta Baskoniako zortzi jokalarik zortzi puntu sartu zituzten gutxienez. Joko koralak, halere, ez zion emaitza onik eman, eta partidak itxura oso txarra hartu zuen azken laurdenean (64-67, 35. min). Orduan agertu zen talentua, Nemanja Bjelicarena, bere zortzi puntu eta bi hirukoak une erabakigarrian iritsi baitziren. Nocionik, beti bezala adoretsu, eta Lanpek ere bere hondar aletxoa jarri zuten. Valladolid saiatu zen azken kolpe horiek erantzuten, baina etxekoen joa gehiago izan zen. Garaipenarekin gozoagoa izango da CSKAri aurre egiteko entrenatzea.

Lagun Aro, oso estu

Lagun Arok eta Uxue Bilbo Basketek gaur jokatuko dituzte 28. jardunaldiko partidak. Donostiako taldeak Zaragozan jokatuko du (12:00), eta garaipena ia ezinbestekoa du. Cajasolek, aurretik duen taldeetako batek, atzo irabazi egin zuen, eta besteak, Fuenlabradak, azken sailkatukoa hartuko du gaur. Bilbo Basketek, berriz, Eurokopako euforia aldendu beharko du Murtzia irabazi nahi badu (12:00). Egun 4. postuan dago, eta galduz gero oso zail izango du liga lehen lau sailkatuen artean bukatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.