Lagun Arok ekain bukaeran jakingo du ACBn egongo den

Urrezko LEB ligatik igotzen diren taldeek ekainaren 15era arteko epea dute ligaren eskakizunak betetzeko

Sito Alonso, aginduak ematen. Beste urtebeterako kontratua du. R. B. / ARP.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2013ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Jaitsi da, kito. Sufrikarioa ez da gehiago luzatuko. Lagun Arok dagoeneko badaki bulegoetan duela ACB ligan jarraitzeko modu bakarra. Maila matematikoki noiz galduko zuen zain pasatu ditu taldeak azken asteak, eta aurrera begiratzeko garaia da orain. Bulegoetan mailari eustea aukera erreala da; iragan sasoian, esaterako, ez zen talderik jaitsi, igotzea lortu zutenek ez zituztelako gutxieneko betekizunak lortu. Eta noiz argituko da dena? Burgosek eta Urrezko LEB ligatik igotzen den beste taldeak ekainaren 15era arteko epea dute besteak beste bost milioi euro biltzeko. ACB ligak ia beti luzatu izan du pixka bat epe hori; beraz, ia uztaila izango da jakiterako.

Lagun Arok ez du ziurtatu bulegoetan mailari eusten saiatuko den edo ez, baina ia ziurra dirudi. Ligako kanona ordaindu zuen, eta elkarte anonimo bilakatu da sasoi hasieran. Zorrik ere ez du. Beraz, logikoena litzateke igo berrietakoren batek beteko ez lituzkeen tokietako bat eskatzea. Kirol etorkizuna argitzen denean hartu beharko dira erabakiak, eta aurrenekoa da Sito Alonsok jarraituko duen ala ez. Entrenatzaileak beste sasoi baterako kontratua du, baina herenegungo partida galdu ondoren emaniko prentsaurrekoan, ez zuen ezer argitu. Mezu kriptikoa bidali zuen: «Nire etorkizun pertsonala erlatiboa da. Kontratua dut, eta, oro har, pozik nago taldearekin. Sasoi osoa jaitsiera eta salbazio postu artean igaro dugu, baina maila guztietan ondo dabilen taldea da hau». Alegia, ekainera arte ez dirudi hori ere argituko denik.

Uxue, laugarren izatera

Bi jardunaldi falta dira ACB liga bukatzeko, eta Bilbo Basket da zerbait jokoan duen euskal talde bakarra —Laboral Kutxak bigarren bukatuko du—. Uxuek laugarren bukatu nahi du liga, final-laurdenetako kanporaketa etxean hasi eta bukatzeko. Valentzia du aurkari lehia horretan, eta igandean elkarren aurka jokatuko dute. Bi punturen aldearekin irabazi behar du pasatzeko. Galduko balu, ordea, seigarren izateko arriskua du, Zaragozak partida erosoa duelako Fuenlabradan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.