Baskonia 66. Kanaria Handia 72

Hondamendia gertatu da

Kanaria Handiak lezioa eman dio Baskoniari, eta Gasteizko taldeak espero baino lehenago bukatu du denboraldia

Hondamendia gertatu da.
Imanol Magro Eizmendi.
2013ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Laboral Kutxa Baskonia. Cook (2), Causeur (2), San Emeterio 12), N. Bjelica (10), Lampe (14) —hasierako bostekoa—; Heurtel (12), Nocioni (9), M. Bjelica (3) eta Pleiss (2).

Herbalife Kanaria Handia. Alvarado, Beiran (5), Toolson (27), Slokar (1), Baez (19) —hasierako bostekoa—; Bellas (5), Guerra Newley (8), Nelson (8) eta Tavares (2).

Markagailua. 13-13, 33-35 (atsedenaldian); 50-51 eta 66-72.

Epaileak. Pizarro, Redondo eta Cortes. Ez zuten inor kanporatu faltengatik.

Bestelakoak. 12.189 ikusle Buesa Arenan.

Buesa Arenan aspaldian entzuniko txistu orkestra ozenenak bidea erakutsi zion atzo z Josean Kerejetari. Uda luzea izango da eta taldeko presidenteak erratza astindu beharko du. Hondamendia iritsi zen, eta ondo merezita gainera. Laboral Kutxak irudi txarra eman du Kanaria Handiaren aurkako ACB ligako final-laurdenetan, eta aldaketak beharrezkoak dira. Ziur asko aulkitik hasita eta taldearen egituraraino. Katarsi garaia da, eta taldeak nahi baino askoz denbora gehiago du hausnarketarako. Azken urteetako porrot handiena da Baskoniarentzat, bizkarreko galanta. Liga bigarren bukatzeko gogor lan egin ondoren, Kanaria Handiak lezio taktikoa eman dio eta jokalarien jarreran ere aldea egon da.

Baskonia bere mailatik oso urrun egon da, eta Kanaria Handiak ondo merezitako txaloak entzun zituen Gasteizko zale jakintsuen partetik. Talde apalagoa izan arren, grina, zentzu eta gode gehiago erakutsi du. Pedro Martinezek gidaturiko gerrillari taldeak Baskonia lotu egin du defentsarekin, erabaki txarrak hartzera behartuz. Pibot indartsuagoak eta barneratzaile hobeak izan arren, atzo, esaterako, hiruko marratik bere buruaz beste egitera behartu zuen (4/23). Zeinena da errua? Bi antolatzaileena? Entrenatzailearena? Hirurena segur asko. Ausardia aldea ere nabaritu da erasoan, kanporaketan Kanaria Handiak 35 jaurtiketa libre gehiago eragin ditu eta errebotean ez da alderik egon. Hori da oldarkor jokatzearen fruitua.

Porrota, baina, ez da kontu estatistikoa bakarrik, sentsazioak dira. Baskoniak galduta bukatu zuen atzo, argirik gabe. Jokalariak zurbil zeuden azken laurdenean, eta Tabacek gorbata une oro izan zuen estu. Kantxa gainean, Lanperen buruz buruko jokaldiak eta San Emeterio eta Nocioniren kuraia distirak izan ziren saskira gerturatzeko modu bakarra. Eta horrekin bakarrik, oreka mantendu zen (56-56, 35 min.). Ordura artekoak kanporaketako lehen partidaren kopia hutsa izan ziren, baina bi alde txiki egon ziren azken atalean. Aurrenekoa, agerikoa, Laboral Kutxak ez zuen miraririk izan, eta Kanaria Handiak, aldiz, ez zuen barkatu. Ryan Toolson eskolta fina izan zen Baskoniaren, eta segur asko jokalari askoren gertuko etorkizunaren, borreroa, hamasei puntu sartu baitzituen azken laurdenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.