Olaizola II.a-Zabala 14. Berasaluze II.a-Albisu 22

Elkar aurkitu dute

Berasaluze II.ak eta Albisuk txapelketako partida onena jokatu dute, eta finalean sartzeko lehian daude

Ikusle bat Berasaluze II.a sorbaldatik hartzen, Labriteko kontra kantxan, atzoko partidaren ondoren. I. ZABALETA / ARP.
Imanol Magro Eizmendi.
2013ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Iraupena. 67.17..

Pilotakadak. 550.

Saketik. Olaizola II.ak alerik ez; Berasaluze II.ak, bost.

Markagailua. 1-0, 1-1, 4-1, 4-3, 7-3, 7-7, 7-8, 8-8, 11-8, 11-10, 12-10, 12-11, 13-11, 13-13, 14-13, 14-14 eta 14-22.

Bestelakoak. Iruñeko Labrit pilotalekuko harmailak bete egin dira, 1000 ikusle inguru. Apustuak 100-60ri irten dire gorrien alde.

«Bikote gisa jokatu dugu, orain arte ez bezala». Jon Ander Albisu zintzo mintzatu zen atzoko partida bukatu berritan. Izerdi patsetan zegoen, kantxan oraindik, eta bihotzez hitz egin zuen. Eta bete-betean asmatu, berak eta Pablo Berasaluzek segur asko txapelketako partidarik onena jokatu zutelako. Albisu, asko agindu eta gutxi galtzen duen atzelari hori izan zen, eta Berasaluzek ondo baliatu zuen guztira hemezortzi tanto egiteko. Finalerdietako ligaxkako lehen garaipenari esker, oraindik finalean sartzeko aukerak dituzte. Galtzaileek, aldiz, karanbola oso zaila behar dute finalaren itxaropena bizi mantentzeko.

Emaitzak, halere, ez du inondik islatzen partidaren gogortasuna, 14nako berdinketara arte lehia estu, gogor eta trabatua izan zelako. Irabazleek Olaizola saihestea lortu, eta Zabala kargatu zuten. Goizuetakoa laugarren koadrotik sartu behar izan zuen atzelariari laguntzeko. Zabalak gotor eutsi zion, eta kontrarioen hutsei esker aurretik hasi ziren (7-3).

Berasaluzek bost huts egin zituen; Albisuk, berriz, lau. Eurek egin zuten dena, ona zein txarra. Aurkariak, tartean, partida gogortzen saiatu ziren, Olaizolak jokoan gehiago sartzeko aukeraren zain. Goizuetakoak une on bat izan zuen, 8-8kotik 11-8ra ateko tantoak egin zituenean. Pilotek, halere, ez zioten mesede handirik egin. Aurkariek Zabala kargatuko zutenaren jakitun, motel antzekoak aukeratu zituzten.

Berasaluze, baina, oraindik agertzeke zegoen. Erakustaldia emateko gogoz zegoen, eta Albisuk ez zuen hutsik egin. Amezketako atzelaria tirano hutsa izan zen koadro luzeetan, eta partidak aurrera egin ahala hazi egin zen. Zabalak aurre egin zion, pilota oso zailak emanez, baina ezin izan zion tratuari eutsi, eta aukerako pilotak utzi zituen Berasaluzeren luzimendurako (14-14). Nabarmentzekoa, tanto sorta horretan, 13-12koa, epaileek ontzat eman zutela Berasaluzek zabaleko txapara bidalitako pilotakada.

8-0eko partziala bukaeran

Olaizolak min txikia zuen gerrian, eta Zabalak kolpea hartu zuen sorbaldan bere burua kontra kantxara bota zuen tanto batean. Nekeak eta ezinak irentsi egin zituen. Irabazleak, aldiz, fresko zeuden, konfiantzaz lepo. Albisuk ez zuen huts gehiago egin eta inspirazioa iritsi zitzaion Berasaluzeri. Irabazleek jarraian egin zituzten azken zortzi tantoak. Horietatik hiru eramateko moduko sakeak izan ziren. Amaiera azkarra izan zen, bat-batekoa. 14nakora arte 512 pilotakada joak bazituzten, azken zortzi tantoetan 38 baino ez ziren egon.

Jardunaldiko bigarren partida gaur jokatuko da, Bilbon (17:00), Bengoetxea VI.a-Beroiz eta Irujo-Zabaletaren artean, lehen jardunaldiko partidak irabazi zituzten bikoteak. Bengoetxeak eta Beroizek irabazte badute finalerako sailkatuko dira, eta aukera matematikorik gabe utziko dituzte Olaizola II.a eta Zabala. Aldiz, Irujok eta Zabaletak irabaziko balute, Aspekoak asko gerturatuko lirateke finalera, baina korapiloa guztia ez litzateke askatuko azken partidara arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.