Baskonia 57. Kanaria Handia 56

Heurtelen exorzismoa

Antolatzaileak azken unean sarturiko hiruko batek merezi gabeko saria eman dio Laboral Kutxaren jarrera epelari

Imanol Magro Eizmendi.
2013ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Laboral Kutxa Baskonia. Cook, Causeur (9), Nocioni (7), N. Bjelica (3), Lampe (15) —hasierako bostekoa— Heurtel (8), Jelinek (2), San Emeterio (7), M. Bjelica (2) eta Pleiss (4).

Herbalife Kanaria Handia. Bellas (1), Guerra (10), Newley (7), Nelson (16), Baez (5) —hasierako bostekoa— Alvarado (3), Oguchi, Beiran (8), Slokar (6) eta Tavares.

Markagailua. 21-21, 30-31 (atsedenaldian); 42-45 eta 57-56.

Epaileak. Conde, Jimenez eta Fernandez. Ez zuten inor kanporatu faltengatik.

Bestelakoak. 11.158 ikusle Buesa Arenan.

Heroia eta doilorraren arteko muga oso fina da saskibaloian, eta sasoi honetan hari horren gainean norbait dantzan ibili baldin bada hori Thomas Heurtel da. Baskoniak antolatzaile postuan duen talentu, ausardia, eromen eta kirio koktela. Atzokoan berak salbatu zuen taldea, partida bukatzeko bi segundo falta zirenean presaka sarturiko hiruko batekin. Merezi baino askoz gehiago jaso zuen Baskoniak, partida ezin txarragoa jokatu zuelako. Kanaria Handiari, aldiz, ordurako dastatzen hasia zen garaipena kendu zion ezpainetatik. Kanpokoek kirolaren alde ankerra ikusi zuten, eta atzetik dira ACBko final-laurdenetako kanporaketan. Bigarren partida etzi eguerdian jokatuko da, Kanaria Handian.

Partida bukatzeko zazpi segundo falta zirenean Buesa Arenako ikusleak txistu orkestra prestatzen ari ziren. Ordurako taldearen epaia agerikoa zen: errudun, eta erantzule nagusiak, antolatzaileak, bereziki Heurtel. Partida estua azken laurdenean erabaki zen, eta frantziarrak bi jaurtiketa oso erraz eta bi erabaki txar hartu zituen jarraian. Partida osoan eginikoaren lagin ona., Ondo bidean bukaeran anplifikatuko ziren txistuak entzuten hasia zen. Konfiantzarik gabe zen, kirioetan urtuta eta burumakur eseri zen azken hutsartean.

Kanaria Handia bi puntu zen gainetik (54-56) eta Beiranek bi jaurtiketa libre zituen hainbeste borrokaturiko saria lotzeko. Baina ez, biak huts egin zituen eta Lampek baloia eman zion Heurteli pista korrika gurutzatu eta hirukoa sar zezan. Buruko deabruei, merezitako kritikei eta konfiantza faltari exorzismoa egin zien kolpetik. Dena kanpora, eta oihu bortitz batekin ospatu garaipena. «Zorte pixka bat izan dut», onartu zuen. Ez, asko izan zuen, eta baita Laboral Kutxak ere, jarrera epel hori berriz erakutsiz gero kostata egingo baitute aurrera. Mirariak, Lourdesen, eta han ere gutxi.

Kanaria handia, bikain

Mundu bat egon zen Kanaria Handiaren eta Baskoniaren jarreren artean. Eta hori aurkariak Rey pibot indartsuena eta Toolson saskiratzaile onena gabe aritu zirela kontuan hartuta. Zortzi jokalarik bakarrik jokatu zuten hamar minutu baino gehiago et a horietatik bakarra pasatzen zen 2,01 metroetatik. Gerrilari talde batek Buesa Arena inbaditu eta Baskonia ezin estuago hartu zuen. Ahalegin fisiko handiari esker defentsa gogorra egin, —ikusgarria Newley Nocioniren gainean— eta Baskonia, gustuko ez duen bezala jokatzera behartu zuen.

Kanaria Handiak bizkarreko moral gogorra jaso zuen. Hain zentimetro gutxirekin hiruko marra bilatu behar izan zuen eta hor ere egin zion ihes garaipenak: 28 bota eta sei sartu zituen. Baina beste ezeren gainetik gogoa eta jarrera zentimetro eta pronostikoen gainetik daudela erakutsi zuen. Tira, ia beti, logikoak ez baititu Tabakek «Heurtelkeriak» deitzen dituen horiek aurreikusten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.