Barriola 22. Arretxe II.a 11

Sakea ez du galdu

Hasieran sufritu badu ere, gero sakea baliatu du Barriolak, eta aise egin du aurrera buruz buruko txapelketan

Abel Barriola sakea ateratzen, atzo, Legazpiko Urbeltz pilotalekuan jokatutako partidan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2013ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Iraupena. 39 minutu.

Saketik. Barriolak bost (eta bi falta); eta Arretxe II.ak batere ez.

Markagailua. 0-3, 1-3, 1-5, 7-5, 7-6, 13-6, 13-8, 19-8, 19-10, 20-10, 20-11 eta 22-11.

Bestelakoak. Harmailak beteta Legazpiko Urbeltz pilotalekuan. Hasi aurretik, dirua Barriolaren alde.

Sendo hasi du buruz buruko txapelketa Barriolak. Atzo Arretxe II.aren aurka eskuratutako garaipenari esker, final-zortzirenetara pasatu da. Bertan, Retegi Biren aurka jokatuko du, datorren asteburuan. Giro aparta izan zen Legazpiko Urbeltz pilotalekuan. Txapelketako estreinako partida zen, eta harmailak lepo bete zituzten hara bildu zirenek.

Arretxe II.ak gogotsu ekin zion lehiari, lehenengo tantoak azkar amaituz. 1-5 jarri zen aurretik, eta Barriolak sakea berreskuratzea beharrezkoa zuen Arretxe II.ak markagailuan ihes egitea nahi ez bazuen. Sakea berreskuratu eta berehala iritsi zen leitzarraren nagusitasuna. Atzeko koadroetan lan egitera behartu zuen Arretxe II.a, eta lehen minutuetan ongi eutsi bazion ere, azkenean, lehertu egin zen. Hortik aurrera, dena alde izan zuen atzelariak. Sakeari esker, eta Luzaidekoak defentsan egindako gehiegizko esfortzua baliatuta, 13-6 jarri zen aurretik. Hazita zegoen Barriola. Bi paretarekin txukun zebilen, zabalean ere pare bat tanto egin zituen, airez... Konfiantza hartuz joan zen tantoak egin ahala.

Partidaren azken zatiak ere gidoi bera izan zuen. Arretxe II.a saiatu zen, baina gehien bat Barriolaren hutsegiteei esker egin zituen hurrengo bi tantoak. 13-8tik 19-8ra igaro zen Leitzakoa, berriro ere sakeaz baliatuz —tarte horretan bi tanto egin zituen lehen kolpearekin—. Arretxe II.ak egindako hurrengo hiru tantoak ere Barriolaren hutsengatik izan ziren. Azken minutuetan pilotarien nekea begi bistakoa zen, eta behartu gabeko hainbat huts egin zituzten. Azkenean, Arretxe II.ak lehenago eman zuen amore, eta 22-11ko emaitzarekin agur esan zion buruz burukoari.

Bi partida, gaur, Labriten

Buruz buru beste bi partida jokatuko dira gaur Iruñeko Labrit pilotalekuan. Bertan, Beroiz eta Ezkurdia ariko dira nor baino nor gehiago, eta, ondoren, Gonzalez eta Urrutikoetxea. Ezkurdia hazita iritsiko da estreinakora. Atariko partidetan, Aritz Lasari (22-20) eta David Merinori (22-6) irabazi zien, eta buruz burukora iritsi aurretik emandako itxura onak ustekabekoa emateko hautagaien zerrendan sartu du. Beroiz, bestalde, binakakoan sendo ibili zen. Gaur, ordea, eraso lanetan zer moduz moldatzen den erakutsi beharko du. Irabazleak Albisuren aurka jokatuko du maiatzaren 12an.

Ondoren, Gonzalez eta Urrutikoetxea ariko dira. Azkainekoak, aurten, hasierako adarretik hasiko du lehia. Urrutikoetxeak iazko txapelketan gertatutakoa oraindik gogoan izango du. Izan ere, Gonzalezek 16-6ko emaitza irauli zion. Partida horretako irabazleak Xalaren aurka jokatuko du hilaren 12an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.