Paris Saint-Germain 2. Bartzelona 2

Bi tanta alde bakoitzeko

PSGk 94. minutuan berdindu du emozioz beteriko partida eta itzulikoan erabakiko da finalerdietarako txartela

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2013ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Paris Saint-Germain. Sirigu, Jallet, Silva, Alex, Maxwll; Beckham (Verratti, 70. min.), Matuidi, Moura, Lavezzi (Menez, 66. min.), Pastore (Gameiro, 76. min); eta Irahimovic.

Bartzelona. Valdes; Alves, Mascherano, Pique, Alba; Sergio, Iniesta, Xavi; Villa (Tello, 80. min), Messi (Fabregas, 46. min) eta Alexis.

Gola. 0-1. Messik (37. min.); 1-1. Ibrahimovicek (79. min.); 1-2. Xavik (pen. 89. min); 2-2. Matuidik (93. min).

Epailea. Wolfgang Stark (Alemania). Txartel horiak: Paris Saint-Germain Beckham eta Ibrari; eta Bartzelonako Pique eta Mascheranori.

Bestelakoak. 47.000 ikusle inguru Parisko Printzeen Parkean.

Talentua perfumea bezalakoa da. Ona bada, baina ona benetan, tanta batekin aski da edozein partidaren usaina gozo bilakatzeko. Benetako talentu berezi hori, baina, urria bezain preziatua da. Neurtu edo pisatu ahalko balitz, saldu eta erosi ez, trafikatu egingo litzateke harekin. Eta kontrabando horretan Bartzelona da errege. PSG saiatu da erosten, milioika eurorekin, eta kalitate bikaineko talentua lortu du, kilate askotakoa, baina ez da berdina. Bartzelonak berearen bi tanta bat bota zitu atzo Printzeen Parkean, izen ponposodun zelaian, eta aski izango zela zirudien. PSGk, berriz, lan eta giharrarekin erantzun zuen, eta partida zuzendu zuen azken ordu laurdenean. Emaitza justua izan zen eta kanporaketa irekita iritsiko da gaur zortzi Bartzelonan jokatuko den final-laurdenetako itzulikora.

Paris Saint Germain gehiago izan zen lehen zatian. Zaleen oihuak lagun zelai erdia bere egin zuen. Mourak hartu zuen lema eta haren erritmoan egin zuen dantza mundu guztiak. Aurrean, aldiz, Ibrahimovic erraldoi bilakatu zen, eta ondo kontrolatu zituen kideen pase luze guztiak. Bartzelona lotu zuten, eta etxekoek aukera onak izan zituzten. Onena Lavezzik (4. min), baloia zutoinera bidaltzean. Gero iritsi ziren Pastore, Ibrahimovic eta Mourarena, baina Valdesekin egin zuen topo. Bartzelonak,halere, gutxien espero zenean egin zuen distira. Korner baten ondoren Alvesek, oinarekin kanpo aldean joz, pase bikaina eman zion Messiri (37. min). Beti Messi... eta jeinu txikiak baloiak bote egin ondoren ezkerrez zetorkion bezala jo, eta ondo gurutzatuz Siriguren atea zulatu zuen. Goleatzaileak, izterrean, min hartuta, atsedenaldian utzi zuen partida.

Bigarren zatian partidaren norabide aldatu egin zen. Bartzelonak hartu zuen baloia, eta PSG atetik urrun mantendu zuen. Aurkariari baloia kentzea da defendatzeko modurik onena. Ofizioa eta kontrola. Aukera asko sortu zituen, baina gehienak area ertzetik jotakoak. Onenak, aldiz, PSGk izan zituen, eta hor lortu zuen gola (80. min). Jarraian jazotako geldikako bi jokalditan bi aukera izan zituen Ibrahimovicek. Aurrenekoak Valdesek geldiketa latza egin zuen. Bigarrenean, baina, Ibrahimovicek jokoz kanpoko egoeran kontrolatu zuen Silvak zutoinera bidalitako baloia, eta sareetara bidali zuen.

Azken minutuak eromena izan ziren. Bi gol egon ziren. Aurrenekoak Bartzelonarena, penaltiz, Siriguk Alexisi eginikoa. Xavik dotore sartu zuen (89. min.). PSGk, baina, azken hitza esateke zuen, eta Matuidik berdindu zuen lehia (94. min). Horretarako Ibrahimovicek kontrolaturiko baloi luzea eta Valdes atezainaren huts larria baliatu zituen.

Bayern asko gehiago (2-0)

Bayern Munichek 2-0 irabazi zion Juventusi atzoko beste partidan. Etxekoak askoz gehiago izan ziren eta aldeko emaitza motz gelditu zen. Alabak (1. min.) eta Mullerrek (63. min) sartu zituzten golak. Buffon atezain beteranoak lan bikaina egin zuen. Itzulerakoa hilaren 10ean jokatuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.