Jaurlaritzak «koherente» izateko eskatu die epaileei

Martin Garitanok eta Juan Karlos Izagirrek salatu dute Madrilgo epaiketa tokiz kanpo dagoela aro berrian

Erredakzioa
Gasteiz
2012ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Justizia sailburuak adierazi du Espainiako epaileek «koherente» izan beharko luketela ezker abertzalearekin zerikusia duten auzietan epaiak emateko orduan. Haren ustez, «zentzurik» ez luke izango auzietan epai kontrajarriak emateak.

Jaurlaritzako bozeramailearen nahia da «lehenbailehen» jakinaraztea Bateragune auziko eta Sorturi buruzko erabakiak, baita atzo hasitako D3M eta Askatasuna alderdiko kideen aurkakoa ere. Mendiaren iritziz, auzi horien guztien epaiek bide berekoak izan beharko lukete, nahiz eta horien edukiak gizartean nolabaiteko «ezinegona» sortu. «Euskadin jarraitu beharreko ildoa erabat zehaztuta dago», gaineratu du.

«Lotsagarria da»

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren irudiko, D3M eta Askatasunaren aurkako epaiketa «lotsagarria» da ikuspuntu politiko batetik, eta «anakronikoa» da ikuspuntu historikotik, garai berriekin bat ez datorrelako.

Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak ere iritzia eman du atzo hasitako epaiketari buruz.Haren ustez, «hauteskundeetara aurkezteko asmoa» da Madrilen epaitzen ari direna, eta epaiketa «tokiz kanpo dago» Euskal Herrian zabaldu den aro politiko berrian. «Ulertezina da egoera honetan epaiketarekin jarraitzea», gaineratu du.

Madrilen epaitzen ari diren auzipetu guztiei elkartasuna adierazi die Izagirrek, eta bereziki Hodei Egaña donostiarra izan du gogoan. Era berean, epaiketa bertan behera uzteko eskatu du. «Hauteskundeetan parte hartzea ezin liteke delitu izan. Hori kriminalizatzeak benetako demokrazia lortzeko bidea egiteke dagoela erakusten du», esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.